GARA > Idatzia > Kultura

JOERAK

Kontakizun eta kondairen muina

p047_f06_94x67.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Kontrabandoa, sorginak, saguzaharrak, Aita Barandiaran, Axular... Euskal Herriko hirugarren gune bisitatuenak, Sarako lezeak, eta bere inguruak eskaintzen dituzten istorio, pasadizo eta pertsonaietako batzuk baino ez dira.

Errealitate eta mitologiaren artean dagoen xarma kontaezina eskaintzen dute Lapurdiko herrixkak eta bere lezeek. Azken hauek, bere kareharrizko pareta handien artean galtzeko aukera paregabea eskaintzen diote bisitariari, batez ere, Gillen lamina, Iturrietako jeinua, inguruotatik gertu badabil.

Lezeetako sarrerako ahotzarrak emango digu ongietorria, ondoren -beste koba batzuekin alderatuz- guztiz ezohikoak diren areto handi eta zabalak ikusteko. 45 minutuko bisita gidatua da argi eta soinuz betetako 900 metroetan zehar. Bisita Aita Barandiarani eskainia da, bere garaian Sarako lezeak munduari ezagutarazi eta egindako lan izugarri eta eskergagatik. Gizakiaz gain, hartzak ere aterpetu zituen Sarako lezeak duela 10.000 urte baino gehiago, eta egun saguzahar ugari topatu ditzake bertara hurbiltzen denak.

Bestalde, «Mugarik gabeko lurpea» egitasmoaren barne daude. Sarakoari beste zazpi euskal koba gehitu zaizkio proiektu honetan. Urtero, martxoko egun batez zortzi koba horiek ikusteko tarifa apalagoak eskaintzen dituzte. Arrikrutz (Oñati), Mendukilo (Astitz), Pozalagua eta KobenKoba labar-artearen interpretazio zentroa (Karrantza), Ikaburu (Urdazubi/Urdax), Zestoako Ekainberri haitzuloaren erreplika eta Zugarramurdiko Sorginen Lezeak osatzen dute «Mugarik gabeko lurpea».

Hori bai, guztiak egun berean ikusteko sorginen pare ibiliko beharko litzateke bisitaria, goizean Karrantzan eta arratsaldean Sara edo Zugarramurdin agertzeko. Gomendagarriena Zugarramurdira joatea litzateke, sorginen «sasi guztien gainetik» formula ikastera, harat eta honat aise eta azkar ibiltzeko. Martxora arte, denbora luzea dago praktikatzeko.

Udaberrira arte itxaron ezin duenak, hala ere, beste aukera bat dauka uztailaren 25erako. Aukera umeei zuzendua dago, egun horretan «Saguzaharren gaua» ospatuko baitute, eta umeentzako tailerrak izango dira.

Parke megalitikoa eta museoa

Kobez gain, museoa ere badago. Bertan, gizakiak historiaurretik hona izan duen bilakaeraren alderdi ezberdinak ezagutarazten dira. Orobat, Joxe Miel Barandiaranen bizitzan sakontzeko parada dago.

Parke megalitikoa lezeen kanpoaldean dago. «Protohistoria» deritzon aroa jasotzen du, k.a. 2.800 urtetik Burdin Arora artekoa. Gizakiek epealdi horretan eraikitako monumentuen berrosaketak biltzen ditu, orduko gizakien erreprodukzioarekin. Zugarramurdiko Sorginen Museoa bisitatzeko tartea hartzea ez zen ideia txarra izango, ezta bertako Sorginen Lezetik pasatzea ere.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo