GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Mutrikura lau egunetako zoramena ekarriko dute aurten Malen jaiek

Atzo hasi ziren ospakizunetan, baina gaurtik aurrera iritsiko dira Mutrikura Malen jaixetako ekitaldirik potoloenak. Adin guztientzako ekintzak izango dira, eta bereziki gazteentzako kontzertuak.

p054_f02_143x100.jpg

Mikel PASTOR | MUTRIKU

Kantauriko itsasoko ipar haizea inoiz baino beharrezkoagoa izango da gaurtik aurrera Mutrikun, Malen jaixetako berotasuna baretzeko. Lau egun hauetan, dantza, kantua eta jana eguneroko ohitura bihurtuko dira kostaldeko herrian, adin guztientzako ekitaldiak dituen egitarau anitzean.

Jai Batzordeak onartu duenez, krisiak jaiak antolatzeko orduan pisu handia izan du; eta, halere, programa herrikoi eta erakargarria antolatzea lortu dute.

Ekintza eta musika talde deigarriek ez ezik, parte-hartzean oinarritutako ekintzek hartuko dute pisua lau egun hauetan. Lehendabiziko aukera, gaurko Gazte Eguna. Goizeko hamaiketan egingo dute topaketa eta brindisa Zaataka gazte asanbladako kideek Mutrikuko gaztetxean. Herriko kaleetan zehar abiatuko dira gero, bertso triki-poteoan, Merkatu plazan bazkaria egin aurretik.

Tripa ondo beteta, jokoak antolatu dituzte Mutrikuko gazteek, eta argazki kolektiboa ere egingo dute. Ondoren, izerdi tanttarik bota ez dutenentzat, Andrabanda batukada ibiliko da herrian, giroa alaituz.

Erritmo afrikarretatik, gurera, euskaldunetara, gau partean, 3 gabe 2 erromeria taldearekin, gauerdiraino. Manifa eta kalejira egingo dituzte orduan, txosnetatik gaztetxera, eta txupinazoa jaurti ere bai. Egunari amaiera biribila emateko, Drongeners eta Kraussk taldeak arituko dira txosnetan.

Kuadrillak, prest

Bihar Independentzia Eguna ospatuko dute. Goizean, ardo eta txuletilak dastatzeko aukera izango da txosnetan, eta arratsaldean umeentzako jolasak izango dira Txantxangorriren eskutik. Musika aldetik, Motxaila Band elektrotxaranga arituko da arratsaldean, eta gauean, Ingo al Deu? erromeria txosnetan.

Euskal Herriko preso politikoenganako elkartasuna sustatzeko eguna izango da astelehena, Herrira Eguna. Presoen senide, lagunek eta nahi duen orok txosnagunean zita dauka eguerdian, herri bazkaria eta bertso saioa izango direlako bertan. Gau partean, eta gaztetxean, Eratu eta Ziarro Txusti taldeak arituko dira.

Azkenik, Kuadrilla Eguna egingo dute da asteartean, Malen jaixei amaiera emateko. Eguerdian, Goiko Plazan, futbitoan arituko dira gazteak, baina zezenak inguruan dituztela. Bazkalostean, euren «olinpiada» berezia egingo dute mutrikuarrek frontoian, eta gauean, Willis Drummond, Itziarren Semeak eta Joxparen joko dute txosnetan.

DIRU FALTA

Beste toki guztietan bezalaxe, diru faltak ekintza handirik ez egotea ekarri du, baina bestalde, jai herrikoi eta parte-hartzaileagoak sustatu ditu Mutrikun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo