GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Aho itxian...

Ez da lehen aldia eta ez da segur aski azkena izango zerbait esan eta gero damutuko naizena. Zeren orain egun gutxi batzuk nik azkenaldian dopin eskandalurik ez zela baieztatu eta gero, gure talde barruan, nahiz eta ez den positiboa izan, jasan dugu Tour honetako «eskandalu» bakarra.

Hori gutxi balitz, eta beste askoren moduan, pena eta amorrazioa sentitu nuen Peyregudesko etapa bukaeran, Haimar bera bakar-bakarrik ikusita. Ez naiz ni izango nire taldean dauden su txinpartetara ikatz gehiago botako duena, baina taldekako sailkapena defendatzeko argudioarekin, sailkapen nagusiko 5.a, horrela, bakardadean eta inongo babesik gabe uztea, alegia, etaparen jokoan zein sailkapen nagusian hamar aurrenekoetan sartu ez zirenek laguntza gabe uztea, ez zen izan bidezkoena.

Aurreko zutabe batean hitz egin nuen leialtasunari buruz; ba guztiz leiala eta zuzena izan den batek, atzo (ostegunean) behintzat, ez zuen jaso bere taldekideengandik merezi duen errespetua eta bereganako borondatea. Gauzak gaizki egin genituen, eta talde bat baino, maila oso ona duten eta maillot berdinarekin irten ziren txirrindulari multzo bat zirudien, baina «taldea» ez zen inondik inora ikusi.

Pena ematen dit Haimarrengatik, pena taldeak eman duen itxurarengatik, eta batez ere, lehendik mugituak zetozen urak uholde bihurtu ahal direlako. Argi dago gauzak ez direla behar bezala ateratzen ari. Eta hori diodanean, ez dut bizikleta gainean dugun mailari buruz bakarrik hitz egiten. Honek erakusten du, 2 + 2 ez direla beti 4 izaten. Ustezko supertalde bat egitea zen helburua, baina argi dago «asmakizunak» ez duela behar bezala funtzionatu.

Hala ere, ez da errudunak bilatzeko unea. Oso ezberdinak diren lan egiteko bi eratatik gentozen, eta ez da batere erraza horrenbeste oilar dituen taldea gobernatzea. Bikote onenetan ere amodioa xahutu eta erlazioa higatu egiten da eta hemen sekula ez da maitasunik sortu; beraz, komenentziazko erlazio honek badirudi ez duela oso bide luzerik izango.

Baina profesionalak garen partetik, eta horretarako ordaintzen digutenez, urte bukaera arte, ahalik eta paper txukunena egiten saiatuko gara. Ea babesle eta taldearen itxura hobetzea lortzen dugun, eta berriz ere negu partean, gauzak lasaitu, eta gauzak taxuz eta pulamentuz hasi eta urte gozoago bat izaten dugun.

Beste behin, umetatik gurasoek esaten zidatena datorkit burura: aho itxian ez da eltxorik sartzen. Askotan isilik banengo, askoz ere hobeto nengoke, zeren azkenaldian ahoa irekitzen dudan bakoitzean, ahoa eltxoz betetzen zait.

Gauzak baretuko diren esperantzaz, izan ongi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo