GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Kapitalaren erasoaren aurreko jauziak behar ditugu

Olatu neoliberala geldiarazi beharra dago orain eta hemen. Ados, baina harago joan beharra dago, bestelako agertokirako baldintzak jarriz. Zerbait berria eraikiz. Finean, jauziak emanaz

Erasokor dator kapitala. Krisialdia baliatu nahi du nagusitasuna areagotzeko, jende askoren bizi eta lan baldintzak makurtuz. Kapitalak ekarri du krisialdia baina berak izan nahi du egoera honetan etekin onuragarrienak erdietsiko dituena. Plana sinplea da: jendea izutu, neurri zorrotzak behar direla sinestarazi eta, honela, kapitalaren interesen araberako murrizketa eta pribatizazioak aurrera eraman. Kapitalak beti nahi izan duena, finean, kapitalak ekarritako krisialdiaren shock-ari esker.

Hau da kapitalismoa, ez dezagun gure burua engaina! Kapitalaren nagusitasunak une ezberdinak zeharkatzen ditu. Batzue- tan, langile eta bestelako herritarren borrokak behartuta, dena harrapatzeko joera mugatu behar du, baina, ahal duelarik, muga guziak hautsi eta bere senari eusten dio. Basa piztia da, munduko biztanleak jaitsi beharreko behien antzera hartzen dituena. Pizti ase-ezina, baita asesina ere, milioka lagunen heriotza ekarri duelako jada. Aukerarik onena dela diote batzuek. Onena, norendako? Kapitalistendako, bai, zalantza gabe. Herritar gehiendako ez, argi dago. Azken urteotako kontsumismo olatuaren gainbeherak beldurra jarri digu begien aitzin: zorra kapitalaren beste tresna bat zen, etekinak eskuratzeko amua. Zorpeko jendarteak, zorpeko estatuak, zorpeko herritarrak. Hau da goraipatutako hazkundearen hondarra.

Euskal Herri penintsularra ez da krisialdiaren kolpe gogorrena hartu duen lurraldea. Espainiar estatuan, esaterako, beste batzuk dira okerren daudenak. Erantzuna, berriz, Euskal Herrian gorpuztu da beste inon ez bezala. Berriki deitutako greba orokorra dugu honen azken adierazpena. Espainiar sindikatuek egoera aztertzen duten bitartean, euskal langile mugimenduak erronka jarri du mahaiaren gainean.

Zer eginen dute oraingoan beste eragileek? Ikusi beharko da. Lehengoan, data berari erreparatu behar izan zioten batzuek, besterik ezin zutelako egin. Egoera makurtu egin da ordudanik, baina krisialdia politikoa ere bada eta espainiar sindikatuek bat egiten dute espainiar nazionalismoaz. España bera krisialdian egonik, leialtasun dilema batean murgilduta daude batzuk. Beste askorendako, ordea, are argigarriagoa da ekonomiaren ondoan bestelako krisialdiak batera etortzea. Krisialdiaren aldeaniztasunak erantzunerako aukerak biderkatzen ditu, batez ere Euskal Herrian, bertan, erantzuteko gogoaz gain, alternatibaren oinarriak argi baitaude. Geure bidetik hobe. Gero eta nabarmenagoa da, gero eta herritar gehiagok bereganatzen duelako geure bidetik joateko beharra.

Epe laburreko erantzunak ezinbestekoak dira. Olatu neoliberala geldiarazi beharra dago orain eta hemen. Ados, baina harago joan beharra dago, bestelako agertokitarako baldintzak jarriz. Zerbait berria eraikiz. Finean, jauziak emanaz. Urrats ederrak ikusten ari gara. Jendea kalean dago, protestak izugarriak dira eta alternatibaren beharra zabaltzen da. Ez dago irtenbide mirakulutsurik, guk eginen duguna izanen da alternatiba. Egin dezagun, beraz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo