GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Liburuetan baino askoz gehiago ikasi dut hor zehar bidaiatzen»

p050_f01.jpg

Miren Amuriza

Bertsolaria

Uztailaren 30ean Etiopiara joanen da oporretan Berrizko bertsolaria. Gaztea izan arren (1990), leku dezente bisitatua da dagoeneko; iaz Hego Amerika ezagutu zuen, Erdialdeko Amerikan egona zen lehendik, eta pixka bat aldatzeko Afrikara bidaiatzea bururatu zaie lagunei.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Miren Amurizak eta lagunek Etiopia aukeratu dute badelako Etiopia Utopia izena duen fundazio bat. Amurizak batez ere Pirritx eta Porrotxen bitartez zeukan haren berri, hauek kanta bat eskaini baitiote, eta bertso saioak ere egin izan dira fundazioaren alde. Orduan, eurekin harremanetan jarri ziren eta opor bidaia aprobetxatuko dute Wukro herria ezagutzeko eta nola lan egiten duten ikusteko.

Orain arte egindako bidaien artean zein gustatu zaizu gehien?

Iaz lagun batekin Bolivian egon nintzen eta berezia izan zen niretzat. Hemen gauza asko geneuzkan entzunda Boliviari buruz eta bertara joan ginenean dezente aldatu zitzaigun iritzia.

Zergatik?

Gure ezjakintasunetik edo kanpotik dakigunetik, Evo Morales nahiko idealizatua genuen. Orain dela urte gutxi jarri zen agintean, lehenengo indigena izan zen Estatu baten boterea lortzen, eta ikur moduan ikusten genuen. Bertara joan ginenean ikusi genuen egia dela lorpen handia izan zela Evo gobernura iristea, baina leku askotan gertatzen den bezala, boterera heltzen zarenean kontraesan handietan jausten zara. Ikusi genuen herritarrak eta bere sektoreetako jende asko ere aurka zegoela, kontraesan handietan erori delako.

Esperientzia txarrik izan duzu bidaiatzen?

Iaz autobus bat galdu eta ia-ia botata geratu ginen Peruko mugan eta gauez... Korrikaldi batzuk egin behar, baina hortik gora edo diru apur bat gehiago ordaindu behar izatetik gora ez dut esperientzia txarrik izan. Bizi ez, baina esperientzia gogor asko ikusi, bai, ikusi dugu.

Zerbait erantsi nahi duzu?

Nahiko ezkorra gelditu dela ematen du (dio barrez), baina edonor animatuko nuke halako bidaia bat egiten. Uste dut eskolan, karreran eta liburuetan ikasi dudana baino askoz gehiago ikasi dudala hor zehar hilabete batzuk pasatzen. Jende askok esaten du beldurra duela joateko edo bakarrik joateko, baina nik denak animatuko nituzke.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo