GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioarteko Erako Euskal Herriko Liga

Esnaolak eta Mitxelenak dituzte irabazteko aukerak

Emakumezkoetan Alatzne Etxaburuak txapela ia lortuta dauka, orain arteko bi saioak irabazi baititu.

p038_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Segalarien nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako azkeneko saioa jokatuko da bihar Zaldibian, 11.30ean. Zelaa hotelaren ondoan dagoen belardian jokatuko da ekinaldia. Orain arte, inoiz sega txapelketarik egin ez den lekua omen da, baina ez dauka inongo aitzakiarik.

Mutilak eta neskak arituko dira lanean. Lehenengoek 100 metro koadroko sail bana moztu beharko dute, eta emakumeek, berriz, 35 metro koadroko bana. Honek ez du joan den astean jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako finalarekin zerikusi handirik izango, hemen abiadura izango baita nagusi. Sailak azkar eta txukun moztu behar dira. Azkar moztea ez da nahikoa, narras moztuz gero, egindako denborari zigorra erantsiko baitzaio.

Mutiletan, sekulako emozioa egongo da. Lehen jardunaldian Igor Esnaolak lortu zuen garaipena, eta bigarrengoan, berriz, Bixente Mitxelenak. Beraz, oker handi bat gertatzen ez baldin bada, bien artean egongo da txapela, eta oso kontuan hartu beharko dira orain arte eta bihar egingo dituzten denborak, azkenena horiek erabakiko baitute.

Horiez gain, Goenaga eta Altzo ere ezin dira ahaztu, nahiz eta hauek garaipena eskuratzeko, irabazteaz gain, sekulako denbora egin beharko luketen, eta beste biek, berriz, oso txarra. Ikusitakoaren arabera, horrek zaila dirudi, kirolean mirariak gutxitan gertatzen baitira.

Beraz, badirudi hirugarren posturako izango dutela borrokarik handiena Altzok eta Goenagak, nahiz eta aurrekoek huts egiten baldin baduten, bai zaldibiarra bai errezildarra hantxe agertuko diren ezustea emateko prest. Nesketan, berriz, ia dena erabakita dago. Alatzne Etxaburuak irabazi ditu lehenengo bi jardunaldiak, eta biharko bidea nahiko erraztuta dauka. Bera txapeldun ez izateko zerbait handia gertatu beharko litzateke. Orain arteko saioetan irabazteaz gain, oso itxura ona eman du, eta biharko helburua ere garaipena lortzea izango da.

Autoak

Biharko jende asko espero da, eta antolatzaileek ohar bat ere kaleratu dute; izan ere, bertara joaten direnei autoak hotelaren ondoan dagoen industrialdean aparkatzeko gomendioa egiten baitiete, bestela arazoak sor daitezkeelako, belardian ez dagoelako ia aparkatzeko lekurik. Beraz, autoa industrialdean aparkatu, eta lasai-lasai joan daitezke oinez belardira, 100 metro besterik ez baitaude.

Bestetik, era tradizionaleko Bizkaiko Txapelketako finala uztailaren 28an jokatuko da. Azken urte hauetan 25ean izan da, baina aurten asteguna denez, asteburura atzeratu du Bizkaiko Herri Kirol Federazioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo