GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Ligan aurreneko garaipena lortu nahi dute Azurmendik eta Mugertza II.ak

p038_f02_97x96.jpg

J.L.

Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira bihar Otxandioko plazan 18.00etan. Norgehiagoka Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligakoa izango da. Orain arte jokatutako probetan biak galtzaile atera dira, eta lehiaketa honetan lehen garaipena eskuratzeko asmoz plazaratuko dira. Txapelketa honetan Urrezko Aizkoran onenak izan zirenak ari dira lehiatzen.

Iñaki Azurmendik bi saio jokatu ditu orain arte, eta biak galdu ditu. Lehenengoa Unai Otañoren aurkakoa izan zen, eta bigarrena, berriz, Aitzol Atutxaren aurka. Arriarangoak garaipena behar du, bai behintzat oraindik azkeneko fasean izateko itxaropenari eutsi nahi baldin badio. Bi saio galduta izanik, irabazita ere ez du aukera handirik izango, baina galduta, berriz, bakar bat ere ez.

Ugaitz Mugertzak, berriz, orain arte saio bakarra jokatu du, eta hori galdu egin zuen Aitzol Atutxaren aurka. Huts egiteko aurkariak baino tarte handiagoa dauka, baina oraingoan ere galtzen baldin badu, honi ere aukerak asko murriztuko zaizkio.

Aizkolari bakoitzak sei proba egin beharko ditu, eta guztietako denborak batu ostean onena duenak lortuko du garaipena. Lan guztiak dira laburrak, azkenekoa izan ezik, eta han bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu.

Iñaki Azurmendi aterako da irabazteko faborito, nahiz eta zutik jarritako enborrekin kontuz ibili beharko duen. Hortxe dauka Arriarangoak bere gurutze-bidea, eta Mugertza saiatuko da horretaz baliatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo