Josu Uribetxeberria preso politikoa, birikietako nodulu bategatik ospitaleratua
Etxerat elkarteak «Gaitz isilduak» dokumentala aurkeztu zuen atzo Donostian, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten hamalau euskal preso politikoren gaineko dokumentala. Minutu batzuk beranduago, Josu Uribetxeberria preso gaixoa ospitaleratua izan zela ezagutu zen.
GARA | DONOSTIA
Etxerateko bozeramaile Mattin Troitiñok «Gaitz Isilduak» dokumentala aurkeztu zuen atzo Koldo Mitxelena aretoan. Filmak gaitz larriak edo sendaezinak dituzten hamalau euskal preso politikoren egoera salatzen du, bikote, guraso, anai-arreba edo lagunen begien bidez.
Troitiñok azaldu bezala, presoen egoera larria «ez da mediku txosten huts batera mugatzen, gaixotasun bakoitzaren atzean errealitate bat bai baitago». Modu honetan, preso dagoenak soilik ez, senideek eta ingurukoek ere sufrimendua jasaten dutela nabarmendu nahi dute. «Familia oso batek bizi duen errealitatea», Troitiñok argitu bezala.
Dokumentalaren aurkezpena burutu eta minutu gutxira, Josu Uribetxeberria, dokumentalean agertzen den preso politikoa, Leonen ospitaleratua zegoela ezagutu zen, birikietako nodulu baten ondorioz. Era berean, senideek bere egoeraren berri ez daukatela ezagutu zen, eta ezin izan zutela berarekin hitz egin.
Dokumentalaren izenburua bera esanguratsua da. «Isilduak dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera isilarazi nahi izan dutelako. Euren eskubideak etengabe urratuak direlako, eta, hala ere, gizartean jarrera isila delako nagusi», adierazi zuen Etxerateko kideak.
Hortaz, isiltasunaren harresi hori apurtzea da filmaren xede nagusia. Hedabide nagusiek ezkutatzen duten informazioa, errealitatea, era garbian helaraztea: «Isiltasun horrekin amaitu nahi dugu, eta gaixotasun larriak dituzten presoen eta euren senideen benetako egoera zein den azaldu nahi dugu», zehaztu zuen Troitiñok.
Errealitate gordina
Dokumentala ohiko estiloan filmatuta dago. Hamalau euskal presoren senideekin egindako elkarrizketak ditu oinarri, eta horiek guztiak filmean tartekatzen dira.
Kontakizuna senide edo lagun baten eskutik entzuteak egoeraren gordintasuna eta krudeltasuna ageriago uzten du, hamalau preso horiek bizi duten gurutze-bideaz gain, ingurukoen eta senitartekoen sufrimendua argi eta garbi ikusarazten duelako.
Dokumentala ohiko moldean egina da, presoen lagun eta senitartekoei egindako elkarrizketekin. Era honetan, senideen sufrimendua ageriago jartzen du.