GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautetsien Kontseiluak ez ditu lurralde elkargoaren eskuduntzak zehaztu

Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo bereziari buruzko eztabaida bizkortu beharko du Hautetsien Kontseiluak bere proposamena finkatzeko. Urriaren hasieran lurralde erreformaren debatea abiatuko da Estatuan eta bertan kokatuko litzateke euskal egituraren eskakizuna.

p014_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Herenegun arratsean Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hautetsi andana batzartu zen Hautetsien Kontseiluan hiru lurraldeetako egitura administratibo bereziak -lurralde elkargoa- zein eskuduntza izan beharko lituzkeen bozkatzeko. Proposamenak Garapen Kontseiluaren baitan lan ean aritu diren lantaldeetatik eratorriak ziren.

Hasiera batean, bilkura horretan hautetsiek erabakiak hartu behar zituzten, baina, azkenean, ez zuten ezer zehaztu, nahiz eta gauzak «bide onetik» doazela eta bide horrek denen «adostasuna» duela dioten.

Arazoa da udazkenean Estatuak lurraldearen antolaketa administratiboaren gaiari helduko diola. Horrenbestez, eztabaida horren baitan, Ipar Euskal Herriko lurralde elkargo bereziaren proposamena sartzekotan, Hautetsien Kontseiluak bere eztabaidaren abiadura zinez bizkortu beharko du.

Bilkuran parte hartu zuten hainbat hautetsik eztabaidatsua izan zela aitortu zuten. Egitura berezia behar dela esateko garaian adostasuna nabarmena bada ere, «zein neurrikoa zehazterakoan inor aurka agertu ez den arren, ikuspegi desberdinak» daudela adierazi zuen Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak. Christinne Bessonart Senperekoak, berriz, bilerak «emaitza berririk ez» zuela izan esan zuen. Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Batera plataformako kidea baikorrago agertu zen «gogoeta orokorra onartu ostean, prozesua aitzina» doala uste baitu. Frederic Espagnac PSko senatariak berak erritmoa azkartzeko premia aitortu zuen atzo, eta bere alderdikide Frantxua Maitia udan «adostasun zabala» lantzearen aldekoa da.

Bi hitzordu

Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista eta Hautetsien Kontseiluko burua ez da hain estututa azaldu. «Eskuduntzen inguruan erabakirik hartu ez badugu ere, bide onetik goaz», esan zuen, hurrengo bileran -irailaren hasieran- zehaztuko direla nabarmenduta.

Hautetsien Kontseiluak bi hitzordu ditu aurrean. Batetik, urriaren 4 eta 5ekoa, Estatuan egingo den gogoeta orokorra lurralde-erreformaren prozedura abiatu aitzin. Bestetik, lurralde-erreformaren legearen eztabaida eta bozketa. Abenduan izango dela aurreikusten da. Lasserren esanetan, dagoeneko bilera eskatu diote Erreforma eta Deszentralizazioaren ministro Marylise Lebranchuri.

Zortzi arlo

Garapen ekonomikoa, euskara, kultura, garraioak, etxebizitza, mugaz gaindiko harremanak, turismoa eta laborantza. Zortzi arlo horietako eskuduntzak zehaztu dituzte lantaldeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo