GARA > Idatzia > Kultura

Gartxot bardoaren historia antzeztuko dute Zornotzako herritarrek

Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira, 1917an Kanpionek argitaratu zuen «Itzaltzuko bardoa» kondairan oinarrituriko ikuskizuna prestatu dute Zornotzako hainbat herritar zein kultur eragilek.

p052_f01_149x88.jpg

Jonebati ZABALA | ZORNOTZA

Zornotzako herritarrak azken prestakuntzak egiten dabiltza «Gartxot, Itzaltzuko bardoa» ikuskizuna estreinatzeko eguna iristear dela-eta. Dena prest dago datorren astelehen gauean, uztailaren 23an, aurkeztuko duten emanaldirako. 170 pertsonak hartuko dute parte, horien artean Zornotzako herritarrek eta hainbat taldek: herriko hiru koruk, otxoteak, bertsolariek, herriko gazte mugimenduak eta batukada taldeak, besteren artean.

Gartxot, Itzaltzuko koplaria

Nafar erresuma armaz hartu aurretik, kultur zapalkuntza hasi zen. Gartxot bardoak bertako hizkuntza zein istorioak zabaltzen zituela ikusita, Orreagako abadeak deserriratu eta Mikelot semea bahitu zuen, fraide bihurtu eta latinez kanta zezan. Honek ihes egindakoan, aita-semeen kontrako ehiza hasi zen.

Ez da kasualitatea, beraz, antzezlana Nafarroako Landak izeneko lekuan izatea. Toki sinbolikoa da hau; izan ere, XII. mendean Nafarroako erresumaren eta Bizkaiko jaurerriaren arteko muga zegoen bertan.

Josune Etxeita Zornotzako Independentistak Sareko kidea arduratu da herriko taldeen arteko koordinazioaz, eta Euskal Kantuzaleen Elkartearekin jarri zen harremanetan ikuskizuna aurrera eramateko. «Gabonak aldera hasi ginen ideia lantzen; teoria erraza izan zen, baina proiektua aurrera eramatea gogorragoa izan da».

Etxeitaren esanetan, «Euskal Herrian politikoki momentu pozgarria bizi dugu, eta independentzia aldarrikatzeko aukeratzat ere ikusi genuen antzezpen hau. Gartxoten historiak erakusten duen bezala, XII. mendean ere euskaldunak jazarriak ginen, eta gure hizkuntza zapalduz, latina inposatzen saiatu ziren arren, euskarak bizirik dirau».

Herri antzezlana

Kepa Txarterina, Zornotzako Udabarri dantza taldeko partaidearen iritziz, ikuskizunean parte hartzea esperientzia berria izan da; Zuberoan egiten diren «pastoralen antza» hartu dio gainera berak. Benito Lertxundiren «Itzaltzuko bardoa» abestiari esker izan zuen Arturo Kanpionek ezagutarazi zuen kondairaren berri.

Gartxoten papera egingo du Andoni Larrea zornotzarrak; hasieran ezezkoa eman zuen arren, orain gustura dabil koplari nafarraren azalean. «Gartxoten historia ez nuen apenas ezagutzen. Protagonistaren papera eman zidatenean hasi nintzen informazio bila, eta, egia esan, jakin beharrekoa dela iruditzen zait». Emanaldia Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira prestatu duten arren, benetako konkista Gartxoten garaian hasi zela dio Larreak, «euskara zapaldu izan nahi zutenean».

Olaia Hormaetxe gazte zornotzarraren hitzetan, ikuskizunaren helburuetako bat «herriko talde ezberdinak batzea eta ekimen komuna» egitea da, baita independentzia lortzeak duen garrantzia azpimarratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo