GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Jimmy Cobb: «Swinga izanez gero, jazza berez doa»

Victoria Eugenian hirukotean jo baino lehen, aurtengo Donostia Jazzaldia Saria jaso zuen atzo Jimmy Cobb bateria jotzaile estatubatuarrak. Jazzaren erraldoi andanarekin jo izan du eta horrek handi bihurtzen du bera ere.

p047_f04.jpg

Testua: Anatz BILBAO  Argazkia: Rafa RIVAS / ARGAZKI PRESS

Beisboleko bisera jantzita, alkandora iluna, jaka argia eta tiranteak, Jimmy Cobb-ek sasoi betean jaso zuen atzo Donostia Jazzaldia Saria hiriko alkate Juan Karlos Izagirreren eskutik, Miguel Martin jaialdiaren arduradun nagusiaren miresmen hitzen ondotik. «Ezusteko zoragarria, sari garrantzitsua da eta etxean eskegiko dut», esan zuen Cobbek harro, Euskal Herriko zaleei eskerrak emanda. Saria berak jaso zuen, baina ondoan izan ohi dituen musikariak aipatu nahi izan zituen eta beraiekin batera egin zuen argazkia.

1926an San Sebastian egunez Washingtonen (AEB) jaioa, urtarrilaren 20an, 83 urte ditu eta sei hamarkada luze daramatza danborrak joz. Ibilbide oparoa osatu du, eta jazz musikaririk itzaltsuenekin jo izan du, Miles Davis, Stan Getz, Cannonball Adderley, Dizzy Gillespie, Jhon Coltrane...; baita kantari miretsienekin ere, Billie Holiday, Sarah Vaughan... eta beste askorekin egindako lankidetzetan. Horregatik, jazzaren mito dugu Jimmy Cobb. Berak aitortu zuenez, «batzuekin kasualitate hutsez, eta beste batzuekin bere garaian bizkor ibili nintzelako» izan ditu beti maisu handiak ondoan. Esaterako, 18 urte zituela Holidayrekin jotzeko aukera sortu zitzaion bere jaioterrian, bandan zeraman piano jotzailea ezagutzen zuelako. 21 egin zituenerako Dinah Washingtonekin zegoen -Winton Kelly-rekin batera hirukotea osatu zuten-. «Dinah eta biok ez ginen inoiz ezkondu, baina elkarrekin bizi izan ginen», argitu zuen Cobbek irribarretsu.

Iraganean arreta jarrita, ezin aipatu barik utzi Miles Davis-en «Kind of Blue» mugarria, 1959an plazaratu zen jazzaren maisulana, bertan parte hartu zutenen artean bizirik den bakarra baita Jimmy Cobb. «Ohartzen zineten une historikoa bizitzen ari zinetela?», egin zioten galdera; «ez, bestela gizon aberatsa nintzateke!», ihardetsi berak barrezka. «Garai hartan Milesek (Davis) auto garestiak zituen gustuko. Jakin izan balu 50 urte geroago bere lanak zer oihartzun izan duen, Ferrari gehiago eskatuko lituzke!».

Musikaria gazte zeneko kontuak gogoratu zituen Cobb-ek, baita egungo gazteak ahotan hartu ere. «Beti egin izan dut lan gazteekin -eskolak ere ematen ditu Cobbek-. Musikak bizirik iraun dezan jotzen dut; transmisioari garrantzia handia eman diot beti, bestela hamar urte barru ez lukete jakingo nor zen Armstrong edo Coltrane», adierazi zuen afroamerikarrak; «gaur jazz musika gutxiengo batentzat» dela onartuta. Hala ere, «gazte musikari asko daude egun -esan zuen pozik-, garai batean jarraipenik izango ez genuela ematen zuen-eta».

Victoria Eugenian

Jimmy Cobbek egin dituen lankidetzen zerrenda ikaragarria da, baina oholtza partekatzera iritsi ez zirenen artean, Ray Brown kontrabaxu jotzailearekin ez jo izana du pena. Belaunaldi berrien artean, emakume bateria jotzaileen eztanda goraipatu zuen, Terri Lyne Carrington kanadarra, Cindy Blackman Santana... «eta Wallace Roney-ren loba, 16 bat urte ditu, kohete baten atzera ei dator». Egia esatera, hauek baino lehen, gazteez galdetuta, Lewis Nash eta Kenny Washingtonen izenak eman zituen... «gazte-gazteak ere ez dira, kasik nire adina dute!» argituta.

Joera eta bilakaera arras ezberdineko musikariei egokitu beharraz itaunduta, bateria jotzaile batek beharrezko dituen dohainez ere mintzatu zen Cobb. «Garrantzitsuena swinga izatea da. Danborrak astintzeko modua ezberdina izanagatik ere, dixielandetik funkera, swinga izanez gero, jazza berez doa».

Aspaldiko eta egungo kontuak argitu eta gero, Cobbek Victoria Eugenian zuzenekoa jo zuen, antzokiak ehun urte betetzen zituen egun berean. Hamazazpi urte gutxiago baino ez ditu bateria jotzaileak, kasik garaikideak dira! Oholtza gainean Larry Coryell (gitarran) eta Joey DeFrancesco (organoan) izan zituen lagun, hirukotean. Azken hau prentsaurrekoan izan genuen aurrena, beste musikari herrikide gazteago batzuk legez, maisu zaharrari kazetariek baino galdera gehiago eginez.

Jimmy Cobb herenegun heldu zen Donostiara, eta bere kasa ibili zen atzo eguerdian saria jaso zuen arte. Arratsaldeko kontzertua eman eta gero, gaur esan dio agur Donostiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo