GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Ameriketarako migrazioa landuko duen pastorala, gaur Arrokiagan

XIX. mendeko Jose Mengiague bertsolari eta poeta euskaldunaren bizitza landuko duen pastorala estreinatuko da gaur Arrokiagan. Garaiko beste euskaldun asko bezala, 17 urterekin Ameriketara joan zen bizitza hobe baten bila; hala, bertsolariaren bizitza abiapuntu, migrazioaren gaia jorratuko da. Alde exotikoa ere izanen du, Argentinako dantza eta Uruguaiko kantuekin.

p058_f01.jpg

Idoia ERASO | URRUÑA

«Pastoral honek irakasten duen istoriorik ederrena da gaitz dela beste eskualde batean bere lekua egitea. Hori behar da atxiki istorio honetan», nabarmendu du gaur estreinatuko den «Jose Mendiague» pastoralaren errejentak, Jean Fabien Lechardoyk. Honakoa ere gaineratu du: «Jose Mendiagueren bizitza eta diaspora ematen dira taula gainean, baina baduzu migrazioa aipatzen duen pastoral bat, eta hori gaur egun ere baduzu. Ikusten duzu orduko problemak egungoak direla, eta hori du pastoralak irakatsiko».

Zuberoako txoko batetik abiatuta, euskaldun eta europar askoren historia lantzen duela pastoralak azpimarratu du errejentak: «Arrokiagako jendea joan zen Ameriketara aitzineko mendeetan, eta Zuberoatik ere anitz joan ziren, eta Euskal Herritik prefosta. Mendiaguek dizu pastoraleko gaia egin, utzi baitu obra handi bat kantuekin, baina euskaldun ororen historia duzu».

Gidoia idatzi duen Jean Bordaxarrek pastoral «exotiko» bezala definitu du gaur emango dena, bai bertan antzeztuko diren dantza argentinarrengatik bai bertan kantatuko diren abesti uruguaiarrengatik. Azken horiei buruz errejentak honakoa azaldu du: «Menturaz ez dira kantuak zuberotarrez emanik, eta ez da aise guretako besteen mintzaldian sartzea. Zuberotarrak ez dira aise ari manexez eta manexak ez dira aise ari zuberotarrez. Doinua ona badu, hitzetan da gaitzena».

Arrokiaga, 130 biztanleko herria

Arrokiagan egun bizi diren 130 biztanleetatik 90 bat izango dira oholtza gainean gaurko pastoralean; gainontzeko herritarrek egunean zehar sortuko diren lanetan lagunduko dute. «Herri ttipia duzu, baina pastoralarendako ari dituzu herritarrak lanean. Badituzu pastoralean parte hartzeko, baina badituzu anitz pastoral egunarekin lanean aritzeko ere. Baduzu egunean diren gauza oro eta horretarako jendea behar duzu, eta obratu anitz».

«Orotarik badituzu pastoralean. Taula gainean izanen den gazteenak 8 urte baditu; zaharrenak, berriz, 78 urte», azaldu du Lechardoyk. Errejent lanaren alderdirik zailena ere horri lotu dio: «Laket delarik aisiago duzu, baina behar duzu jakin diferentzia baduzula oraingo gazteen ikusteko manerarekin, eta, beharbada, hori duzu gaitzena».

«Jose Mengiague ezagutzeko parada da; bagenekien bazituela kantuak eginik, baina ez genekien harenak zirela. Bere bizitzari buruz ikasteko eta entzuteko aukera ere bada», nabarmendu du errejentak.

Ameriketarako euskal diasporaren poeta nabarmenetarikoa izan zen Jose Mendiague. 1845. urtean Alduden (Nafarroa Beherea) jaio zen, nahiz eta txikitan Hazparnera bizitzera joan zen. Mendiaguek herri horrekin zuen loturarengatik pastoralaren hirugarren emanaldi bat eskainiko dute Hazparnen.

1868. urtetik aurrera bertsolaria Argentina, Txile eta Uruguain bizi izan zen. Baina euskara eta Euskal Herria beti atxiki zituen bai bihotzean bai bere lanetan. Diasporaren ahotsik nabarmenetarikoa izan zen, bere bertsoak herri memoriaren parte izatera igaro zirelarik. Piarres Xarritonek 1992an «Jose Mendiague (1845-1937). Haren bizia eta haren kantuak» liburua argitaratu zuen. Ameriketako aldizkari eta argitalpenetan plazaratutako obrak eta «Zazpiak Bat. Eskualdun kantuak» liburuan bildutakoak dira Xarritonen lanean aurki daitezkeenak.

Jose Mendiagueren historia ezagutzeko gaur Arrokiagara hurbiltzeko paradarik ez duenak beste bi aukera izanen ditu pastorala ikusteko. Bigarren hitzordua hurrengo igandean, agorrilaren 5ean, izanen da Arrokiagan bertan. Azken antzezpena irailaren 8an izanen da, Hazparnen.

JOSE MENDIAGUE

Ameriketako euskal diasporako poeta eta bertsolari nabarmenetarikoa izan zen Jose Mendiague. Argentina, Txile eta Uruguain bizi izan bazen ere, Euskal Herria eta euskara atxiki zituen beti bai gogoan bai bere lanetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo