Julen MURGOITIO
Gizartearen arriskuaz
Ez dakit zer egin horrekin. Ezustean topatu dut apalategian, basotik ateratzean baseliza batekin tupust egitean bezala. Kolpea, edo! Gaztelerazko hiztegi batez ari naiz. Ateko paperontzian sartu eta birziklatzeko bidean utzi ala biodibertsitatea gogoan ganbarako txoko batera bota sitsen jangarri. Lehenengo kasuan arazoa da ekonomia hiztegi bat egiteko erabil dezakedala; bigarrenean, ostera, sitsen digestio-aparatuan ikusten dut arazoa. Ez dakit, erre inoiz ere ez. Kontua da hiztegiek uko egin diotela izanari, izena mantenduta ere. Ez du ardura tegi horretan hitzei emandako esangurak, errealitateak gainditu egin baitu. Horra, kasurako, «exiliatu» hitza. Erbesterako bidea hartu behar izan duena izendatzeko erabiltzen bada, utzitako herria eta harrerakoa desberdinak diren seinale hartu beharko litzateke, bururik ez baitu herritik joan gabea erbesteratua izateak. Tira, arrisku-sarira! «Erreskate» hitza. Nonbait arriskuan dena arriskutik ateratzea da hori. Bada, kontuak kontu, gure inguruan ez ei da inor arriskuan, inork ez baitu erreskatea eskatu, eskatuko ere ez. Eta erreskatea eskatzen duten itsas erdiko paterakoei ukatu egiten diete, arriskuan daudela ez omen baitute behar bezala frogatzen. Amen.
Baina bankuek eta estatuek erreskatea eskatu ez, zertarako eskatu baina? Horiek ez dira arriskuan bizi, inondik inora ere ez, behar dutena likidezia da, hau da, dirua eskura, asko gainera, hamaika zerotako zifrak, eta arin batean, beren berezko egoera eroso eta saneatua bide beretik mantentzeko... Horixe, likidezia! Zerikusirik ez erreskatearekin, mesedez ama! Li-ki-de-zi-a! Hau kolpea ere, solido mantentzeko likidezia behar! Ea horretaz zer dioen azken bosoiak udako ikastaroetan. Hortaz, gure beheko Estatuak Autonomien Likideziarako Funtsa sortu berri du; zerikusirik ez funtsezko sormenarekin. Tira, harira! Ez dakit ez ote den hori autonomiak likidatzeko behin betiko funtsa. Ulertzekoa litzateke, orduko hartan behartu baitzituzten zezen-larruko lurralde asko autonomiaz janztera, beste batzuek autonomia-larrua beren burujabetasunez jantz ez zezaten.
Baina burbuilek eztanda egiten dutenean bakoitza bere lekuan jartzen dute, nork-nori-zer. Soziologo ezagun batek arriskuaren gizarteaz ohartarazi zuen aspaldian; nago ni gizartearen arriskuaz hitz egin beharko genuela, bestelako hiztegiak izate aldera.