«Urratsak egitea» eskatu dio Barrenak Madrili
Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak «blokeoaren estrategia» baztertu eta Madrilek «konponbide demokratikorako urratsak» egin behar dituela esan zuen atzo, Gorka Mayori Bidaurretan egindako ongietorrian. Salatu zuenez, Euskal Herrian, oraindik, iritzi-delituak egozten dira.
GARA | IRUÑEA
Pernado Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak «konponbide demokratikoaren norabidean» Estatu espainolak «urratsak egin» behar dituela esan zuen atzo. Hori da «Euskal Herritik eta nazioarteko komunitatetik bidaltzen ari den mezu argia», eta horren aurrean, Rajoyren Exekutiboak «blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren alde jarrera aktiboa» hartu behar duela gaineratu zuen.
Adierazpenok asteartean bermepean aske utzi zuten Gorka Mayo ezker abertzaleko kideari atzo Bidaurretan egin zioten omenaldian egin zituen. Izan ere, pasa den astean hainbat militante politiko kalera atera zirela-eta, «ongietorri beroena» luzatu zien guztiei, eta bereziki Mayoren kasua aipatu zuen, «ezker abertzaleko kide eta ordezkaria izan baitzen Eusko Alkartasuna eta Aralarrekin hauteskundeetarako aliantza osatzeko helburuarekin burututako bileretan». Mayok kartzelan egindako urte eta erdian, bultzatu zuen aliantza gauzatu egin dela eta horrek «hainbat fruitu eta aldaketarako itxaropena» ekarri dituela esan zuen Barrenak, baita hori «bere ekarpen politiko handienetako bat» dela nabarmendu ere.
Lan politikoa, zigortua
Mayo 10.000 euroko fidantza ordainduta aske utzi zuten asteartean. Asteazkenean, Ekin erakundeko kide izatea leporatuta kartzelan zeuden zortzi lagun utzi zituzten aske, fidantzapean ere, behin-behineko espetxealdiaren berrikustean. Ostegunean, Patxi Arratibel, Miguel Angel Llamas Pitu eta Iker Moreno irten ziren kalera, jarritako bermea ordainduta. Hala ere, Barrenak salatu zuenez, aste honetan iritzi-delituak egotzi dizkieten hainbat kide kalera irten badira ere, «kartzelek lan politikoa egiteagatik zigortuak izan diren militantez beteak jarraitzen dute».
«Euskal Herriak oraindik salbuespen egoera bizi du, iritzi-delituak egozten dira, kartzela politika mendekatzailea aplikatzen jarraitzen da», eta «hori gutxi balitz, Europatik bizi osorako zigorraren ezarpena gaitzetsi badute ere, espainiar Estatuak bere horretan jarraitzen du», adierazi zuen, jarraian Madril eta Paris «berandu baino goizago mugiaraziko» ditugula erantsiz.
Bestalde, Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuenez, «Aieteko Adierazpenaren ostean ETAk egin behar zuena egin zuen», baina, hala ere, PPren aldetik «borondate politiko eza» ikusten du aukera baliatzeko. «Inoiz ez da horrelako aukerarik izan gobernu espainol batek sen onez kudeatu behar dena sen onez kudea dezan», nabarmendu zuen. «Herri honek normalizazio eta humanizazio elementuak behar ditu, eta Gobernu espainolak ardura handia du horretan», gaineratu zuen ELAko buruzagiak.