Udate | baionako bestak
Besta bai, politikarik ez!
Jean-Jo FERRAND Baionako besten aditua, aritua eta kutzuzalea berriketan
Aurtengo bestetan politikariak nonnahi ikusten ditugu. Salbuespen bat: gure auzapezaren berririk ez! Bere buru-kolpe xelebreak pairatu ditugu azken urteotan: bortxaketa tanga eramateagatik justifikatu zuelarik, abiadura kontrolatzeko erradarrak ekiditzeko autoan zeraman tresna goraipatu zuelarik...
Aurten gauza gutxi. Bere inguramen hurbileko aurpegi ezagun batzuk ikusten ditugu, poteak hartzen, eskuak luzatzen, «kasematetan» ibiltzen. Baina zerbait galdu da. Grenetek legebiltzarrean bere jarlekua galdu duenetik, gauzak aldatzen hasi dira. Erreinu baten bukaeraren usaina bada Baionan, eta bestetan ere.
Aldiz, ezkerreko alderdi ofizialak bere burua asko agertzen du aurten. Badirudi eskuina ordezkatzeko prestatzen hasi direla. Marie-Christine Aragon bestazale aditua dugu, baina Henri Etcheto (gure urrengo alkatea?) eta beste batzuk ere ageri dira. Larunbata eguerdian, demagun, Georges Labazée Kontseilu Orokorreko lehendakari sozialista ere ikusi zen Santa Espiritu auzoko terraza batean, alderdiko lagunekin bazkaltzen. Baina sozialistak edonon ikusteak ez du erran nahi justizia soziala antzinatzen denik... Jauntto horiek ere betiko diskurtso konformistarekin heldu zaizkigu: bestak eta politika ez dira nahasi behar etab.
Patxa plazan, besta eta borroka nahasten dira behar den bezala. Gazte batzuek txosna aldarrikatzaile bat ezarri dute, eta hortik pasako gara. Politikari errespetagarriak gurutzatu gabe seguru. Hobe.