Udate
Errenterian eskultura bat egiten ari dira herritarren artean, Kabia espazio kreatiboaren irudi bat
Traineru baten hondakinak erabiliz, eskultura bat egiten ari dira errenteriarrak, Kabia espazio kreatiboaren irudikapen sinboliko bat. Kabia Topaketak jardunaldia egin zuten atzo, auzolana eta festa elkartuta.
GARA | ERRENTERIA
Aaarraun! egitasmoa Errenteriako Kabia espazio kreatiboan sortu zen Giza harremanak-Elkarbizitza taldearen baitan. Hasiera batean, giza harremanak bultzatzea zuten helburu, baina azkenean Kabiaren irudikapen sinboliko bat ere izango da. Egitasmoaren ardatza traineru baten hondakinak erabiltzean datza, zehazki brankaren lehendabiziko hiru metroak, eskultura bat egiteko parte hartu nahi duten kolektibo eta herritar guztien artean.
Eskultura egiteko «ezkata» batzuk erabiltzen ari dira, branka apaindu eta babesteko asmoarekin. Espazio kreatiboaren ondoan jarrita zuten branka, Barandiaran plazan, uztailaren 13an, eta atzo arte herritarrek freskagarrien lata birziklatuak erabiliz egindako ezkata artistikoak bildu dituzte. Horretarako, edukiontzi bat egon da jarrita kupularen pareko bananondo handiaren ondoan.
Auzolanarekin batera, jaia izan zen nagusi atzo, Kabia Topaketak jardunaldia egin baitzuten. Goizean Aaarraun! ekimenean aritu ziren jo eta ke, eguerdian «anaitasun bazkaria» egin zuten indarrak hartzeko eta gero branka apaintzen jarraitu zuten. Arratsaldean teknofobiaren aurkako tailerra egin zuten; Ibai Maritxalar artistak Mikel Laboaren omenezko murala aurkeztu zuen; eta musika eta dantza izan zituzten «kabiakide» guztiek gozagarri.
Herritarrei deialdia
Topaketa hauen ondotik, elkarte eta kolektiboak eskultura egiteko lanean hasiko dira. Antolatzaileek argitu zutenez, lan hauen erritmoa eta funtzionamendua animatzen den jende kopuruaren araberakoa izanen da. Bultzatzaileek interesa duten guztien inplikazioa eskatu zuten, ekimena denen artean burutu nahi dutelako.
Batetik, ezkaten produkzioan eskatu zuten laguntza (1.500 beharko direla kalkulatzen baitute), eta, bestetik, kolektibo bakoitzak bere ezkata eskulturan jartzea bilatu zuten, «herrian elkarrekin bizi diren adierazpen eta sentsibilitateak partaide izan daitezen».