Udate
Ulia Interpretazio Zentroa ireki dute, bertako ondare natural aberatsa ezagutarazteko
GARA | DONOSTIA
Ulia Interpretazio Zentroak atzo zabaldu zituen ateak eta donostiarrek beste aukera bat izango dute ingurune natural aberats honetara gerturatzeko. Ulia Donostiako hiriak duen ondare natural aberatsenetakoa da, eta ondare hori ezagutzen eta ulertzen lagunduko du zentroak.
Cristina Enea Fundazioak kudeatuko du zentroa. Ingurumena babestea, ondare naturala zaintzea, bioaniztasuna bermatzea eta garapen iraunkorraz arduratzea dira bata eta bestearen helburuak, eta, horregatik, bidaide izango dira aurrerantzean.
Axier Jaka Donostiako Ingurumen zinegotziak zentroaren kudeaketa eredua oso inportantea izango dela adierazi zuen: «Proiektua prozesu parte-hartzaile baten bidez osatuko dugu, izan ere, ekarpenak egin ahal izango dizkiote taldeek eta eragileek».
Ingurunea eta paisaia, fauna eta flora, itsas gunea, historia, ondarea eta ibilbideak babestu eta sustatuko dituzte. Horretarako, ekintza mordoa antolatuko dute, zentroa dinamikoa izatea nahi baitute.