GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

«Heldu den matxinada»

Gu, bien bitartean, Bakardadearen Produktu Gordina begitik kendu ezinda gabiltza; ez dakigu elkartasunak zenbait kotizatzen duen burtsan eta murrizketek gerria ez ezik, lepoa ere majo estutzen duela ikusten ari gara

2007an Batzorde ikusezinak iragarritako saiakeran legez, egungo panorama nahasi honetan matxinadarako deiak ahoz aho dabiltza bazterrik bazter. Jendea asaldatua dabil, eta itxura guztien arabera giroa gori izango dugu puskatean. Hala ere, lurrikara sozial honen erdian, ez legoke gaizki Zizek-en hitzak kontuan hartzea. Krisiak anbiguoak izaten direla dio pentsalari esloveniarrak; aldaketarako aukera ematen badute ere, jendea kontserbadoreago bihurtzeko arriskua ere badagoela zehazten digu. Eta Grezian enpirikoki ikusi dugu gerta daitekeela.

Alarma guztiak piztu dira, nonbait. Eta orain hobeto ulertzen dut zergatik bilakatu den Grezia guztion ispilu. Zergatik ematen duen min ispilu horretan begiratzeak. Zizek-en ustez demokraziaren defendatzaile sutsuenak diren agintariok dira demokrazia hau suntsitu nahi dutenak. Demokrazia formal hau, azken beltzean -bere droit de l'homme eta osterantzekoekin- kapitalismoaren mozorroa baita. «Liberté, égalité, fraternité: hiru gezur horiek egia balite», dio gurean, ez alferrik, erran zaharrak. Demokrata izatea, gaur-gaurkoz, diktadore izateko beste modu bat dela esateko arrazoirik ez baitzaigu falta; mozorrope horretan ezkutatzen baita Troikaren diktadura ekonomiko basati hau.

Argi da. Kapitalismoak ez du aberririk, ez mugarik, ez eta moralik ere. Ahalik eta eperik motzenean ahalik eta etekin handiena ateratzea du helburu. Ez besterik. Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu, beraz.

Beraz, gu, bien bitartean, Bakardadearen Produktu Gordina begitik kendu ezinda gabiltza; ez dakigu elkartasunak zenbat kotizatzen duen burtsan eta murrizketek gerria ez ezik, lepoa ere majo estutzen duela ikusten ari gara. Egunero (Hertzainak-en doinuaz nahi bada) dena okerrago doala dakusagu. Alabaina, jendeak, bizitza duin bat izan nahi du; etxe bat, lanpostu bat. Baina ezin. Orainak zorpetuta eta geroak hipotekatuta bizi da. Martxa honetan, Marxek teorizatu zuen klase borroka puri-purian agertuko da berriro eta, denborak aurrera egin ahala, nazio askapena zein eraldaketa soziala txanpon beraren aurpegiak direla dioen formulazioak inoiz baino zentzu gehiago hartuko du.

Ez dakit nik esperantza baino gutxiago zerbait ba ote den, baina zer gelditzen zaio amildegiaren ertzera bultzatu duten gizabanakoari? Etsipena akaso. Galdetu bestela bere buruaz besteari lore hilak paratu zizkion Dimitris Christoulasen alabari. Kolera akaso. Galdetu nagusiak gauez lantokia hustu eta kale gorrian gelditu diren Hendaiako Mapisako langileei. Edo Corrugados Azpeitiako langileei.

Matxinatzea eta haserretzea logikoa da, baina egoeraren gordintasunak hori baino zerbait gehiago beharko duela pentsatzea ere berez dator. Ezer ez baita lehen bezala izango. Krisi hau guztiontzat mugarri bat izango da. Bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen moduan eragin eta eraldatu beharko du errealitatea, eraldaketa soziala ez baita hitz ederrez sortzen den zerbait, egunez egun harilkatzen den amaraun sarea baizik. Zure, nire, haien, gure ordua heldu da ezinbestez, poxpolo bakar batek ezin baitu gau osoa argitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo