GARA > Idatzia > Kultura

udate | azpeitiko jaiak

«Saninaziyuek» Azpeitian; hiru egun, hiru gau... baina zer da hau!

Marea Arrosako kideek atzo txupinazoa botaz geroztik, festaren eztanda frenetikoak bete-betean harrapatuta dauka Azpeitia. Gaur, San Inazio egunez, ez dira faltako adin eta publiko orotarako musika, tradizio, zezen eta herritarren mugimendutik sortutako eskaintzak. «Saninaziyu» euskaldun, herrikoi eta potente batzuen osagai. Ongi pasa, inorekin pasatu gabe.

p054_f03.jpg

Mañel LARENA | AZPEITIA

Azpeitiko «saninaziyuek» aurrera doaz, aurten inoiz baino nabarmenagoa den arrosa koloreko marea betean. Jaiak herri- koiagotzeko, bizitasunak eta gazteen txinpartak Azpeitia blaitzeko egiten duen ekarria aitortuz, Marea Arrosa ekimeneko kideek atzo txupinazoa botaz geroztik. Milaka jende dira, egunez zein gau giroan, San Inazio egun bezperatik festa giroan dabiltzanak. Marea Arrosak jaietarako propio atondutako kantak dioen legez «hiru egun, hiru gau... baina zer da hau!», eromenaren eztanda frenetiko baten barruan, euskal giro eta tradizio dotoreez gain, herri dinamika oparo batek sortutako jai proposamenean murgilduta. Eguraldia lagun, gogoa ase arte.

San Inazio egunak, pentsa litekeen modura, «patroi handiaren» erreferentzia ugari ditu: goiz eresia, prozesioa, mezu santua, udal ordezkariak korporazioan... adin eta publiko ororentzako aukerak dituen egitarauan, gisako ekitaldiak gustuko dutenek ez dituzte faltan botako, beren okasiorako arropak, orrazkera zainduak eta kale buelta txit apainduekin.

Dira, dira, zezenak dira...

Zezenak dira, nahi ala ez, alde edo kontra egon, Azpeitiko jaien beste erreferentzia ezagun bat. Gaur bertan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa, entzierroa Eliz Kalean, zezen txikien jolasak Done Jakue kalean, eta zezenketa arratsaldean, Portugaleko Palha de Porto ganadutegiko zezenekin eta Antonio Ferrera, Alberto Aguilar eta Paco Ureña toreatzaileekin. Bistan da zezenak gustuko dituztenentzat Azpeitia «plaza fuertea» dela.

Bezperan mila eta bostehun herritarrek plazan egindako herri bazkari erraldoiaren ostean, «Txomingeroen bazkari» selektoa izango da Erdi Kalean. Gaupaseroak bertaratzeko gonbita kitzikagarria da, mozorroak maite dutenentzako bezala. Ez da girorik eta txantxarik faltako.

Parekidetasun egitasmo kolektibo interesgarria dabil Azpeitian, festetan ere ikusgarri izango dena, arratsaldeko zazpietan, Alde Zaharrean, «Emakumeak Plazara» ikuskizunarekin.

Musikarik ez da faltako. Oria Txaranga kalean gora kalean behera, Obrint Pas talde bikainaren emanaldia eta Kupela taldearen erromeria plazan; eta txosnagunean, 02.30etik aurrera, Itziarren Semeak, gaupasaren bidean gerriak ederki astintzeko.

Su-artifizialak koloreztatuko ditu Izarraitz eta Ernio arteko zeruak, ume eta nagusien gozamenerako. Ondoren, pilota profesionala izango da herriko pilotalekuan. Estelarrean, Olaizola II.a eta Albisu Bengoetxea VI.aren eta Beginoren aurka lehiatuko dira.

San Inazio bigarrena, pil-pilean

Bakailaoak hartuko du plaza «saninaziyuen» azken egunean. Aurretik, baina, euskal presoen aldeko elkarretaratzea deituta dago Loiolako basilikaren aurrean goizeko hamarretarako, gotzainaren meza nagusiaren karietarat bertaratuko diren arduradun politiko eta komunikabideen aurrean elkartasun mezua pasatzeko. Hamaiketatik aurrera, herriko plaza zapore gazi eta olio sendoen aromak hartuko du, pazientziarekin onena ematera aterako diren dozenaka eta dozenaka herritar sukaldariekin. Epaimahaiak epaia ezagutzera eman ondoren, Berdura plazan bilduko dira zientoka azpeitiar bakailaoa pil-pilean bapo-bapo jatera.

Umeen gozagarriz lepo egongo da gero plaza. Festa izugarria egiteko aukera eta gailu sorta izango dute. Azken zezenketan Valdefresno ganadutegiko zezenak Ivan Fandiño, David Mora eta Daniel Luquek toreatuko dituzte. Eta musika giroa nagusituko da gero, plazan Doctor Deseo talde bilbotarrak egingo duen emanaldi bikaina nabarmenduaz. Pilotaz gozatzeko aukera ere egongo da, nola ez. Estelarrean, Irujok eta Laskurainek Titin III.aren eta Zubietaren aurka, eta aurreko partidan, bertako Peñagarikano eta Ezkurdia Jaunarenaren eta Pascualen aurka.

Gaupasarekin, amaiera

Hortik aurrerakoak, norberaren gorputzaldi, zorte eta aukeren araberakoa izango da. Jendetsua, Euskal Herriko txoko askotatik bertaratuko diren gaupaseroen inurritegia da bermatuta dagoen bakarra.

Zezenak plazan egun argiz, gaupaseroen argazkirako bidea markatuko dute. Goizeko 08.30-eko suziri eta danbatekoek amaiera emango diete jaiei. Oxala azpeitiarrak egiten dituzten ametsen neurrikoak badira!

ARROSA KOLOREA

Hamabost urtez festak alaitzen eta girotzen egindako lana aintzat hartuz, Marea Arrosa herri ekimenak txupinazoa bota zuen, Azpeitiko Udalak dioen legez, «saninaziyuek» hobetzen egin duten lan eskergaren aitorpenez.

DENA GAUPASARAKO

Uda beteko datak, eguraldiak, Urola ibaiaren bazterreko freskurak, musika proposamen ederra, zezenak goiz-goizetik eta milaka pertsonen etorrerak... gaupasa egiteko osagai guztiak eskaintzen ditu Azpeitiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo