GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alliot-Marieren etxearen zaintza utzi dute CRSk

Michele Alliot-Marie ministro ohiaren Ziburuko etxe aitzinean hamar bat urtez egon den polizia dispositiboa kendu egin dute. Diputatu eserlekua galdu duenak tamaina horretako zaintza izaten segitzeak kritika ugari eragin ditu, are eta gehiago ETAren iragarpenaren ostean.

p015_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Ziburuko portutik Sokoarainoko bidean, Ravel karrikan, CRS Poliziaren bi furgoneta azken hamar urteotan era iraunkorrean ikusi izan ditu bertatik pasa den edonork. Agian ez da ohartu, baina errepidearen beste aldean pare bat polizia barnean zituen ibilgailu arrunt bat ere bazegoen. Michele Alliot-Marie (MAM) UMPko ministro ohiaren etxe aitzinean kokatutako zaintza dispositibo berezia zen eta joan den ostiraletik desagertu egin da bertatik.

Goi mailako kargua aspaldi ez duen Donibane Lohizuneko zinegotziari tamaina horretako zaingoa mantentzeak eman du zeresana, batez ere azken urte honetan eta oraindik gehiago igaro berri den hauteskunde kanpainan.

MAMek 1986tik zuen diputatu eserlekua galdu izana, beste faktore batzuen artean, horregatik ere izan dela dionik bada, egungo krisi-egoeran sekulako kostua eragiten duelako.

Izan ere, hamar bat poliziaz osatutako dispositiboarekin jarraitzea ulergaitza bilakatu zen, are eta gehiago MAMek ia aste osoa kanpoan igarotzen duenean. Orain astebete «Sud-Ouest» egunkari kontserbadoreak berak «ia anakronikotzat» jo zuen batik bat, «ETAk bere jarduera armatua utziz geroztik».

ETAren mehatxua

Hain zuzen, hurrenez hurren Defentsa, Barne, Justizia eta Kanpo Aferetako ministerioetako buru izandakoak erakunde armatuaren mehatxupean zegoela argudiatu zuen besteak beste, 2011ko hasieran, Tunisiako aferaren ostean gobernuan zuen azken ardura hori utzi zuenean.

«ETAren aparatu militarreko bi buruzagi atxilotu zituzten zerbitzuen buru» izan zela, bere burua «kopetan tiro-zulo batekin» irudikatzen zuten kartelak Donostian agertu izana edota bere etxe aurrean lehergailu bat ere jarri zela gogoratu zuen politikari eskuindarrak.

Goi mailako karguetan aritu izateagatik, «beste guztiak bezala, bizitza osorako bi polizien jagoletza edukitzeko eskubidea» duela zioen. Etxe aitzineko zaintzarako, berriz, arau jakinik ez dagoela gaineratu zuen orduan: «Ministerioko zerbitzuek baloratzen dute unean uneko egoeraren arriskua».

Ekainean izan ziren legebiltzarreko hauteskundeen kanpainan ordea, Alliot-Mariek adierazia zuen jada beregatik babes iraunkor hori kenduko lukeela eta hainbat alditan hala eskatu zuen arren, erabaki hori ez zegoela bere esku.

Nonbait, Manuel Vals PSko Barne ministro berriak, arriskua desagertu dela eta zaintzako dispositibo berezia ez dela justifikatzen deliberatu ostean, erretiratzea agindu du.

KOSTUA

UMPko ministro ohiaren babeserako polizia dispositiboaren kostua 4,5 milioi euro ingurukoa litzateke. Hamar urtetan 24 orduz bi CRS furgoneta, itxura arrunteko ibilgailu bat eta hamar bat poliziak osatu dute Ziburuko zaintza talde berezia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo