Riau-riauaren ondorengo atxiloketak, eredu errepresibo baten erakusgarri tamalgarria
Dagoeneko bederatzi lagun atxilotu dituzte Polizia espainolak eta Udaltzaingoak Iruñean riau-riauean izandako istiluengatik. Azken bostak, atzo. Atxiloketa horiek eredu errepresibo baten erakusgarri dira, eztabaidari uko egiten dion eta kritikarik onartzen ez duen eredu batena, hain zuzen. Baina jokaera hori ez da salbuespena. Joan den martxoaren 29ko greba orokorraren ondorengo jazarpena ere UPNk ezarritako norabide errepresiboaren ondorio izan zen. Greba hura eta aurtengo riau-riaua, biak ere agintariak nabarmen utzi zituzten agerpenak, errepresio horri eusteko aitzakia baino ez dira, beren erabakien eta oro har beren ereduaren kontra protesta egitera ausartzen dena zigortzea kezka nagusia bihurtuta. Greba batean informazio piketeak antolatzea langileen eskubidea da, baina ez UPNren gustuko eskubidea. Riau-riauean gertatutakoa, berriz, ekitaldi hori egin izan denean gertatutakoa baino ez zen izan. Alderdi horretako buruek, ordea, txaloak baino ez dituzte onartzen, eta nafarrek adierazi nahi dizkieten sentimenduen adierazlerik onena ez dira txaloak, hain justu. UPNk bere ohiko erantzun tamalgarriari eutsi dio, eredua aldatu beharrean, errepresioa areagotuz.