aizkora
Unai Otañok argi utzi du Txapeldunen Liga irabazteko faboritoetako bat dela
J.L.
Unai Otañok argi eta garbi utzi zuen herenegun Getxon jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioan, txapela lortzeko faboritoetako bat dela. Ibarrakoak Donato Larretxea hartu zuen mendean, eta alde nabarmena kenduta, gainera.
Lehen hiru probetan nafarra gailendu zen, eta laugarren probara hogei segundoko tartearekin sartu zen, baina hortik aurrera Otaño jaun eta jabe izan zen. Ondorengo bi ekinaldiak ere Otañok irabazi zituen, baina iraupen probara Larretxea bost segundo aurretik sartu zen. Azkeneko saioan, ordea, Otañok bi minutu eta 15 segundo kendu zizkion, eta amaieran garaipena berarentzat izan zen. Lan guztiak burutzeko 18 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Otañok, eta 21 minutu eta 33 segundo berriz, Donato Larretxeak.
Gaur izango diren ekinaldien artean nabarmenena Irunen izango da, Behobia auzoko plazan. Bertan, 12.30etik aurrera, Urdax Magunazelaiak marka berri bat egin nahi du. Bizkaitarrak 190 kiloko harri errektangularra erabiliko du bost minutuan. Oraindik 14 urte besterik ez ditu, eta 15 egin aurretik jarri nahi ditu markak. Orain dela aste bat, 185ekoa jaso zuen, eta hari hiru jasoaldi eman zizkion.
Desafioa
Mikel Alkortak desafioa bota dio Jexuxmari Ormaetxeari. Asteasukoa prest dago lehenengo 8 kilometro inguru korrika egiteko, eta ondoren ordu eta erdi bete bitarte segan egiteko. Alkorta, bihar, abuztuak 1, Tolosako Kantabriko tabernan egongo da 20.30etik aurrera.