GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Senegaleko Cheikh Lôk eta Irlandako Kilak leku berezia izango dute Folk Getxo jaialdian

Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 5etik 9ra izango da eta jada osatu du egitaraua. Cheikh Lô eta Kila ez ezik, Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarra eta Cristina Pato gaita-jotzailea ere bertan egongo dira.

p051_f01_98x97.jpg

GARA | GETXO

Aurtengo Folk Getxo jaialdiak hamabi saio izango ditu, antolakuntzak jakinarazi duenez. Areetako Geltokiko plazan izango dira kontzertu nagusiak, 21.00etan, eta arratsaldeko saioak, plazaren ondoko aparkalekuan, 19.00etan.

Geltokiko plazaren ondoko aparkalekuan izango dira Munduko Terrazak ekimeneko kontzertuak ere (23.00etan) eta goizeko saioak (12.30ean).

Folk Getxo jaialdiko saio nagusiak irailaren 6an hasiko dira, Mikel Urdangarinekin. Kontzertuan, kantautore bizkaitarra Cristina Pato gaita-jotzaile, pianista eta musikagilearekin arituko da elkarlanean. Irailaren 7an, Irlandako Kila taldea igoko da agertokira. Kila munduko musiken esparruan nabarmendu da azken urteotan, doinu zelten eta perkusio afrikarren fusioaz baliatuta.

Irailaren 8an, Cheikh Lô artista senegaldarraren txanda izango da. Bere musika Afrikako ekialdeko eta erdialdeko doinu tradizionaletan oinarritzen da. Azkenik, irailaren 9an, Xabier Leteren omenezko "Sortuko dira besteak" ikuskizuna izango da, Pier Paul Berzaitz, Petti eta Mikel Urdangarin, Arantxa Irazusta, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Alex Sardui (Gatibu), eta Amets Arzallus bertsolariaren partaidetzarekin.

Arratsaldeko saioetan, zaleek honako talde hauetaz gozatzeko aukera izango dute: Aba Taano ahots-talde ugandarra, Ganbara euskal taldea, Aragoiko Olga y los Ministriles, Gaztela eta Leongo Mayalde eta Toledoko Milo Ke Mandarini.

Munduko Terraza

Horrez gain, jarduera ugari egongo dira Folk Getxon, esaterako gobernuz kanpoko erakundeen eta elkarteen postuak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka, hainbat herritako jakiak eskaintzen dituen Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak. Saio nagusiak ordaintzekoak izango dira, eta gainerakoak, doakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako bonuak asteazken honetan jarriko dira salgai BBKren orotarako kutxazainetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo