Gipuzkoako Aldundia eta udalak batera arituko dira Rajoyren murrizketen aurka
Estatutik datozen murrizketen analisia egin zuten atzo Gipuzkoako Aldundiak, ordezkari politikoek eta udaletako arduradunek. Martin Garitano buru duen taldeak bileraren ostean ohartarazi zuenez, «praktikan interbentzioa» eragiteko asmoa dakarte PPren azken neurriek.
GARA | DONOSTIA
Ordezkari politikoak eta batzarkide taldeak, batetik, eta udalerrietako ordezkariak, bestetik, hartu zituen atzo Gipuzkoako Aldundiak bere egoitzan. Helburua Espainiako Gobernuak abiatu dituen murrizketak aztertzea zen. Ondorio kezkagarria atera zen hortik, Martin Garitanoren kabinetearen oharrak islatzen duenez. Bere hitzetan, Rajoyren Gobernuak «oso neurri zorrotzak inposatu nahi dizkie Hego Euskal Herriko erakundeei, eta praktikan interbenituta ditu, horretarako inongo arrazoi ekonomikorik ez dagoen arren».
«Espainiako Gobernuak errealitate bakar gisa hartzen du Estatu osoa eta ez ditu kontuan hartzen Hego Euskal Herriaren berezitasunak», gaineratzen du Bilduk zuzentzen duen Gipuzkoako Aldundiak. Ikusten duenez, Rajoyren asmoak euskal erakunde guztien aurrekontuak diseinatzeko eta kudeatzeko ahalmena mugatzea da. «Espainiako Gobernuak ukatu egin nahi du, gure erabakitzeko ahalmena ezabatu egin nahi du, horrekin gure ekonomia suspertzeko ahalmena neurririk gabe ahulduz».
Horren guztiaren aurrean, «ausardiaz eta irmotasunez» aritzeko beharra ikusten du Aldundiak, eta ados agertu dira berarekin bildu diren ordezkariak. Udalek berebiziko kezka agertu dute, Rajoyren neurriek udalerri asko «kinka larrian» utziko lituzketela argi ikusten baitute. Ongizateari eutsi behar zaiola nabarmendu dute, besteak beste, Juan Karlos Izagirre donostiarrak eta Miguel Angel Paez irundarrak.
Bildutakoek neurri horien aurka «herri gisa jokatzeko» helburua dute. Aurretik ere, Gipuzkoako Aldundiak dei bera egin die Hego Euskal Herriko gainerako erakundeei, erantzun bateratua eman behar dela uste baitu.
Martin Garitano ahaldun nagusia eta Helena Franco Ogasun diputatua izan ziren Aldundiaren ordezkariak bilera hauetan. Abuztua izanda ere, udal ordezkari asko etorri zirela nabarmendu dute, duten kezkaren seinaletzat jota.