Udate
Gau eta egun jai egiteko parada ezin hobea, gaurtik aurrera Etxarri Aranatzen
Etxarri Aranatzen gaur ekinen diete jaiei. Aurtengoak jai bereziak izanen dira, herria sortu zenetik 700 urte eta Nafarroa konkistatua izan zenetik 500 betetzen baitira. Hori dela eta, Etxarri 2012 ekimenak botako du txupinazoa. Gaurtik hasita eta ostiralera bitarte, jaiek ez dute etenik izanen. Goizez, arratsaldez eta gauez izanen dira adin guztientzako ekitaldiak. Aldarrikapenerako tartea ere ez da faltako, jai hauek etxean ospatu ezin izanen dituzten guztien omenez.
Aitor AGIRREZABAL | ETXARRI ARANATZ
Urtero ez ditu herri batek 700 urte betetzen, eta ospakizunerako nahikoa arrazoi bada. Egun hauetan ospatzeko nahi beste aukera izanen dute etxarriarrek behin Etxarri 2012 ekimenak suziria piztutakoan.
Urteurren hauen harira sortu zen Etxarri 2012 plataforma, bi helburu jakinekin: Herritarrek memoria historikoa berreskuratzea eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena lau haizetara zabaltzea. Urte osoan zehar hainbat eta hainbat ekitaldi gauzatzen ari dira bi helburu horiek jarraituz. Etxarri 2012 ekimenak herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du, bai haiek, bai herriko gaineko eragileek antolatutako ekitaldietan. Arrazoi horiek direla medio, eman dio Etxarriko Udalak jai hauetako suziria botatzeko aukera.
Gaurtik hasita eta hurrengo ostirala arte luzatuko dira Sakanako herriko jaiak. Behin eguerdiko ordu batean, txupinazoak leher egin orduko, hainbat ekitaldi izanen dira herriko karriketan. Gaur ospatuko dute Euskal Errepresaliatu Politikoen Eguna. Etxarrin azken asteetan izandako berri onek oraindik bizi-bizi dirauten arren, ez dituzte espainiar zein frantziar estatuetan sakabanaturik dauden kideak ahaztuko. Horien aldeko ekintzek ez dute kale eginen jaietan ere. Preso eta iheslarien aldeko brindisa, bazkaria eta arratsaldeko zortzietan herritik urrun daudenak etxera ekar ditzatela aldarrikatzeko manifestaldia deitu du Herrirak.
Astelehena Kuadrillen Eguna
Igandean Fermin Balentziak, herri-karpan, bere letrarik ezagunenak abestuko ditu eta, gauez, KOP talde kataluniarrak herriko gaztetxea betetzeko asmoz emanen du kontzertua.
Astelehenean, aldiz, herriko jende askorentzat egunik handiena iritsiko da. Kuadrillen Eguna da etxarriar gazteek gehien estimatzen duten eguna, eta egun osoan zehar jan eta edateko parada ederra dute. Goiz-goizetik hasita lagunartean herriko tabernak bisitatu eta pote batzuk hartzea dute ohitura. Tripak oihuka hasi bezain pronto kuadrilla bakoitzak txokoren batean bazkaltzen du, indarrak berritu eta arratsaldeari behar bezala ekiteko.
Arratsaldeak aurrera egin ahala, lagun talde bakoitzak bere pankarta atera eta gaztetxetik igoko dira, txarangaren erritmoan herriari itzulia emateko; hori guztia, ongi prestatutako mozorroak jantzita. Hala ere, guztiek ez dute gehiegi prestatu, eta bazkalostean alkoholaren inspirazioaren zain geratuko dira mozorroa osatzeko. Ikustekoa izanen da zertan geratuko den plan hori. Jatea, edatea eta dantzatzea, horixe da etxarriarren egitaraua astelehenerako. Dudarik gabe, jai giroa ziurtaturik dute.
Astea amaitzeko, ostiralean, geratzen den indar apurrarekin, ohiko Inutilaren Eguna ospatzen dute. Armairu zuloetan urte osoan zehar gordetako militar, guardia zibil edo foru poliziaren uniformeak hartu eta Etxarriko kaleek kolore berezia hartzen dute.
Urtero bezala, ez da faltako musika eta kontzertuetarako unerik. Herri programak bai gaztetxean bai jarritako karpan horiez gozatzeko aukera ederra emanen du. Ostegunean, adibidez, karpan Anje Duhalde lapurtarrak ikuskizuna bermatuko du. Aurreko egunean, beste estilo batean, gaztetxean, Josu Jon Imasek eta El Baston de la Abuela talde andaluziarrak jarriko dute jai giroa.
Horrekin guztiarekin aukera ederra eskaintzen du Etxarrik asteburuan zein astean zehar parrandarako eta ongi pasatzeko gogoa duen edonorentzat.