Udate
«Nahi genuen Xiberoako irrati bat xibereraz funtzionatzen zuena»
Xiberoko botza irratiko presidentea
Allande Etxartek Xiberoko Botza irratiaren sorreran parte hartu zuen duela 30 urte. Urte luzez kolaboratzaile gisa aritu ondoren, gaur egun antenan ateratzen ez bada ere, irratiko presidentea izaten segitzen du. Maulen euskal produktuak saltzen dituen eta euskal kulturaren elkargune bilakatu den Herri Ekoizpen saltegiaren jabea da.
Idoia ERASO | BAIONA
Xiberoko Botzak 30 urte eginen ditu bihar. Duela hiru hamarkada, euskaltzale talde bat elkartu zen zuberera uhinen bitartez zabaltzeko. Hilabete batzuk ziren legedi berria baliatuta Lapurdin Gure Irratiak eta Nafarroa Beherean Irulegiko Irratiak beraien ibilbidea hasi zutela.
Nola garatu zen Xiberoko Botzaren proiektua?
Gazteago nintzen horrelako amets handietan sartzeko. Uhaitza izeneko kultur elkarte bat bazen hemen. François Mitterrand boterera heltzearekin Estatuaren monopolioa hautsi zen, irrati libreen irekitzea posible zen, eta diru laguntza bat ere bazen irrati libreentzat. Jadanik abiatuak ziren Gure Irratia eta Irulegiko irratia. Hemen probintzien autonomia nahia handia denez, ez genuen Gure Irratiaren adar bat soilik izan nahi, baina nahi genuen Xiberoako irrati bat, xibereraz funtzionatzen zuen irrati bat; izenak berak erakusten du. Roger Idiart apezak, Zalgizeko erretoreak, proposatu zituen beste izenen artean Xiberoko Botza izan zen onartua.
Euskarazko irrati bat muntatzeko nahia zen, nehork ez zuen esperientziarik, baina ikusiz besteek egiten zutela, nahi genuen besteek bezainbeste egin.
Nolakoa izan zen sorrera?
Orduan sozialistak ziren Herriko Etxean Maulen, beraiek ere berriki sartuak ziren eta erran behar da monopolio bat zela eskuindarren eskutik. Eskuineko familia batek zuen dena kontrolatzen; beraz, gizon horrek ez bazuen onartzen artikulu bat pasatzea, ba ez zen inon agertzen.
Agorrilaren 5ean hasi genuen lehen emanaldia, zeren eta Frantziako historian 1789ko agorrilaren 5ean pribilegioak ezeztatu ziren Parisen. Egun horretan hasi zen Xiberoko Botzaren lehen emanaldia, sinbologiaz betea zen. Hor baginen gu euskaldun eta euskaltzaleak, eta sozialistek ere nahi zuten irrati libre bat; beraz, lehen emanaldietan gehienak euskaraz ziren, baina baziren frantsesezkoak ere. Hori lehen urtean izan zen, eta gero dena euskaraz izan zen.
Iribarneko jauregi osoa guretzat zen. Orduan ederra baina zaharra zen, barnea bereziki. Lehen estaian estudioa ezarri genuen eta ondoan den parkean zen baobab delako baten gainean ezarri genuen antena eta horrela hasi genituen emanaldiak.
Zenbat jende elkartu zineten emanaldiak egiteko?
Uhaitza elkartekoak, hogeita hamar bat ginen. Hastapenean arratsaldeko zazpietatik bederatziak arte eta handik bi astera goizeko zazpietan ere emititzen genuen. Denak laguntzaileak ginen; ez zen langilerik. Orduan euskaraz hasi zena Maite Lephaille zen eta oraindik ere entzuten ahal da Xiberoko Botzean, baina orain langile gisa.
Oroitzen naiz lehen emanaldirako bakoitzak bazuen paper bat prestatua irakurtzeko, ustetan bi orenez eginen genituela, eta prestatua zen dena oren erdi baten buruan bukatua zen, eta musika izan zen gero. Hori izan zen lehen emankizuna, ez genuen esperientzia handirik; geroztik ikasi dugu.
Lehen urteetan ze emankizun mota egin zenituzten?
Berri-sailak, jokoak; ni literatur emanaldiarekin hasi nintzen. Musika Niko Etxart eta Robert Larrandaburuk egiten zuten, bi lagunak Parisetik etorriak. Baziren ere laborantza emankizunak, orduan muntatu zen laborarien sindikatua, ELB. Gero baziren proiektuak, hemen muntatzen ari zen lizeoa, kabalen hiltegia... proiektu horietan ziren taldeek berri ematen zuten astean behin irratian. Elkarte oso aberatsa zen. Noski, kultur eta kirol emanaldiak ere.
Noiz hasi zen profesionalizatzen?
Urte baten buruan pertsona bat aritu zen, zeren eta goizean behar ziren berri-sailak egin. Martxan ziren jadanik Irulegiko Irratia eta Gure Irratia; beraz, beraiekin trukaketa egiteko langile bat behar zen. Oroitzen naiz, hilabeteko kuota bazela, aski kuota bildu genituen hilabete sari baten pagatzeko. Lan inportantea zen langilearen pagatzeko aski jende atzematea. Langilea euskaraz bakarrik aritzen zen, eta hortik aitzina dena euskaraz izan zen.
Jendearen sostengua, hastapenetik ere, ekonomia mailan?
Bai, inportantea zen; uholde azkar bat izan zen, xiberera entzuten zen eta entzuleentzako erraza zen, zeren eta oso merkea da irratia eskuratzea. Hemen gainera dena xibereraz zen eta hemengo gauzak ziren. Urrats inportantea izan zen, denetan entzuten zen. Euskararen hiztegiarentzat ere bai; orain «emankizuna» erraten da, baina lehen erraten genuen «emisionea», frantses hitza.
Gure Irratia eta Irulegiko Irratiarekin elkarlana hastapenetik hasi zen, baina duela urte batzuk Euskal Irratiak sarea osatzen duzue.
Berrien trukatzea izan zen lehenik, eta gero antenan txandan ematea aski goizik hasi zen, nahiz eta teknikoki beti arazoak izan. Baziren Gure Irratia kostaldean, Irulegiko Irratia, bi irrati handi, eta gu txikiena, han ekialdean.
Kontseilu Nagusiak diru gutxi ematen zien euskal irratiei, eta ohartu ginen irrati bakoitzak bere eskaera egin beharrean behar genuela elkarrekin egin. Muntatu genuen federazio bat, langileen egoera harmonizatzeko eta formakuntzak egiteko. Irrati gogoeta bat eraman zen irratigintza motari buruzkoa. Irrati librea izatea ez da aski, baina behar da kokatu libertatea nola erabiltzen den. Euskarazkoa izatearen garrantzia ere aztertu genuen. Ze musika mota ezarri aipatu zen, federazioa egin genuen estatutuez arduratu nintzen, eta orain beste martxa bat hartu du.
Egun Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko euskalgintzan erreferente bilakatu dira.
Bai, hori dudarik gabe. Praktikan horrela da, eta, gainera, Interneten da orain. Hemengoentzat inportantea da, baita kanpoko euskaldunentzat ere.
Erreferente bat da euskara maite duenarentzat eta ikasi nahi duenarentzat. Euskal mundu bat eta Euskal Herriko mundu bat ezagutzen ahal da Euskal Irratien bidez.
30. urteurrena ospatzeko ekitaldiak udazkenean eginen dituzue.
Bai, udan ez da aise. Gauzen antolatzeko agorrilan zailagoa da; beraz, iraila eta urrian izanen dira konferentziak, kontzertuak eta festak horien markatzeko. Liburuxka bat ere aterako dugu. Lauzpabost gauza izanen dira.
«Lehen emanaldirako bakoitzak bazuen paper bat prestatua bi orenean egiteko; oren erdi baten buruan bukatua zen, gero musika izan zen»
«Erreferente bat da euskara maite duenarentzat eta ikasi nahi duenarentzat. Euskal mundua ezagutzen ahal da Euskal Irratien bidez»