Unai Ugartemendia Axeri dantzako kide eta Kattoren laguna
Egun on, Katto!!
Ekainak 24. Goizeko 9:10ean, Arrate frontoiko beheko solairuan, urtero legez elkartu ohi gara axeriak, egun handi bat ospatzeko. Bertara sartu, eta hor ageri zaigu irribarrez, gure gidaria.
«Egun on, Katto. Nahiko lo einda?» «Gaurko egunak, gutxixio egitea merezi dik».
Horrela hasi genuen eguna. Goizeko gosariaren ostean, dantza saioa egin, pote pare bat hartu, eta bazkaritara. Egun osoan, ederki pasa ondoren goizeko lauretan horrela agurtu genuen elkar. «Beno, Katto. Badakik, San Inazio egunen, Iratxen izango gattuk berriro eta azaldu lehengo urtean bezala».«Etzekiat Unai. Mendirako plana diat. Hala ere, lehenago itzultzen banauk, ez izan dudarik hantxe izango naizela. Nere kontu ardoa ta postrea». Baina ez hintzen azaldu.
Badaezpada ere, goizean, hik hain maite huen Jurramendira joan gintuan, ea hire bizikletarekin han ote hintzen ikustera. Baina han ere ez hintzen. Bazkari garaian, hire hutsunea sumatzen hasiak gintuan, arrebaren deia jaso baino lehen. Ez, azkenean ez hintzen azalduko. Nonbait, txalapartari-dantzari-bertsolari baten beharra omen ziten, eta nola ez, hi hara joan hintzen. Hala ere, nirekin pendiente utzi huen «bertso-segidilla» bukatzeko zorretan hago. Nik, hain gustuko huen bukaera, idatzia zeukeat: «... buka dezagun lasai». Agur eta ohore, Katto!