GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Beloaga, Nafarroako erresumako gaztelua Oiartzunen

Beloaga, Feloaga edo Peloaga Oiartzungo bailaran zegoen, Gurutze auzoko Arkaleko harkaitzetan. Herritar gehienek honen berri ez bazuten ere, oiartzuar talde batek bazekien beraien herrian Nafarroako erresumaren garaiko gaztelu bat zegoela eta ikertzen hastea erabaki zuen.

p059_f01_152x120.jpg

Iosu ARRUABARRENA | DONOSTIA

Dorre batek eta arma plaza batek osatzen zuten Beloaga gaztelua, eta batzuen ustez, erromatar garaikoa izan liteke, talaia ezin hobea baitzen Arditurritik Oiassonera, Irungo herri erromatarrera, egiten zen mineral garraioa zaintzeko.

Duela bi urte jakin zuten oiartzuarrek konkistaren bosgarren urteurrenaren harira, Nafarroako Gobernuak batzorde bat eratu zuela. Honen aurrean, pentsatu zuten egokia izango litzatekeela 2012an Nafarroako ikurra jartzea gazteluan, jendea konturatu zedin gaztelu hori, beste asko bezala, konkistatua izan zela.

Arkaleko harkaitzetara igo zirenean, harrituta gelditu ziren, ez baitzegoen gazteluaren aztarnarik, sastrakek eta belarrek ezkutatzen baitzuten. Guztia garbitzen hasi zirenean, pareta bat aurkitu zuten. Hasieran gutxi batzuk baziren ere, gero eta jende gehiago animatu zen lanera, eta garbiketa lanetan aurrera jarraitu zuten. Horretan ari zirela, gezi puntak eta txanponak aurkitzen hasi ziren.

Aurkitu zituzten objektuak interesgarriak zirela pentsatu zuten, eta Udalera joan ziren hauen iritzia jasotzeko. Kultur zinegotziarekin bilera batzuk egin ondoren, jakin zuten Nabarraldekoek ere interesa zutela gazteluan eta beraiekin kontaktuan jarri ziren. Aranzadikoekin ere harremanetan jarri ziren, aurkitutako materiala azter zezaten. Hilabete batzuk aurrerago, Nabarraldekoekin eta Aranzadikoekin batera bilera bat egin zuten, eta bertan gaztelua mantentzeko proiektu bat martxan jartzea adostu zuten, konturatu baitziren interes handiko eraikina zela.

Ikerketak egiten hasi ziren, eta hauei esker jakin dute Beloaga gaztelua, gutxi gorabehera, 1000. urtekoa dela. Izan ere, urte horretakoak dira ere Hondarribiko eta Donostiako gazteluak. Jakin dute ere, 1200. urtekoa dela gazteluaren inguruko lehen aipamena. Garai hartan, Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz konkistatu ondoren, Durangaldea eta beste hainbat gaztelu ere konkistatu zituen, eta horien artean, Beloaga aipatzen da. Oso datu interesgarria da, ordura arte behintzat eta Gasteiztik hasita, gu guztiok nafarrak ginela esan nahi baitu.

Eraitsi zuten urtea zein izan zen garbi ez badago ere, pentsatzen dute 1512an, Nafarroa osoa konkistatuta zutenean, Cisneros kardinalak Nafarroako dorre guztiak botatzeko agindua eman zuenean bota zutela hau ere. Dena den, gelditu ziren hondarrak Konbentzio Gerran (1793-1795), Karlistaldietan eta Gerra Zibilean ere erabili ziren.

Egiten ari ziren aurkikuntzekin harrituta eta gazteluko inguruak garbitu zituztenean, gaztelua bera aztertzen hasi ziren. Orduan hasi ziren gauza garrantzitsuenak agertzen: txanpon gehiago, soldaduak ez aspertzeko erabiltzen zituzten hezurrezko dadoak, gerrikoen belarritakoak, gezi eta lantza puntak eta abar..

Erakusketa jaietan

Konkistaren urteurrena hurbiltzen hasia zen eta oiartzuarrek jakin zuten Nafarroa Bizirik ekimenekoek Nafarroako gaztelu guztietan mugarriak jarri nahi zituztela. Ideia gustatu zitzaien eta Oiartzunen ere gauza bera egitea erabaki zuten. Mugarria finantzatzeko liburu batzuk atera zituzten eta aurtengo maiatzean, ekitaldi bat antolatu zuten gazteluan, eta mugarria eta Nafarroako ikurra jarri zituzten bertan, jendea konturatu zedin zer izan zen gaztelu hura.

Aurtengo xanistebanetan, gazteluan aurkitutakoarekin erakusketa bat egingo dute, nondik gatozen ez ahazteko eta oiartzuarrak konturatu daitezen historiaz beteriko gaztelu bat dutela beraien herrian. Izan ere, batzuk historia faltsutzen saiatu arren, Europako herri modernoenetakoa izan baikinen.

1000-1200

Ikerketen arabera, Beloaga gaztelua, gutxi gorabehera, 1000. urtekoa da. Izan ere, urte horretakoak dira ere Hondarribiko eta Donostiako gazteluak. Jakin dute ere, 1200. urtekoa dela gazteluaren inguruko lehen aipamena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo