Ipar Euskal Herrian gero eta langile sasoilari gehiago informatzen ditu LABek
Arantxa MANTEROLA | ANGELU
Aurten ere, hamabigarrengoz, denboraldirako langileei beren eskubideen berri emateko kanpaina abiatu du LABek Ipar Euskal Herriko gune turistikoenetan. Urtero, aldi baterako 5.000 bat langile (horietatik heren bat kanpotik etorriak) aritzen dira uda partean lanean, bereziki ostalaritzan (%40). Garai batean lan horiek ikasleek egiten bazituzten ere, krisia dela medio, denetariko sasoilariak daude orain, «baita 40 eta 50 urteko langileak ere. Normalean kualifikazio txikiko pertsonak izaten dira. Legezko lanaldia gainditzen dute. Maiz aparteko orduak ez zaizkie ordaintzen eta atseden egunak ez zaizkie errespetatzen».
Lan kontratuari dagokionez, gertatu ohi da hitzezkoa izatea edota langileak proba-aldian hartuak izatea eta egun batzuen buruan beste batengatik ordezkatzea. Bizitokia atzemateak sekulako arazoa izaten jarraitzen du.
Informazioa
Langileok, halere, lehenago sindikatuengana jotzen dute beren eskubideez informatzeko. Baionan ez ezik, Maule, Hazparne, Hendaia, Uztaritze, Donapaleu eta Donibane Garazin eskaintzen dute informazio hori.