Txapelketak
Arabako txapel ugari banatuko dira Gasteizko jaietan
Bihartik hasi eta ostegunera bitarte egunero izango dira jaialdiak. Garrantzitsuena bihar izango da, herrialdeko aizkolarien finala.
Jon LEUNDA
Gasteizko festetan herri kirol jaialdiak izango dira egunero bihartik abuztuaren 9ra arte, nahiz eta egun horretan ez den txapelketako saio bakar bat ere izango, erakustaldiak baizik.
Lehen egun honetako ekinaldirik garrantzitsuena, biharkoa, alegia, Arabako aizkolarien finala izango da. Bertan Zubiaga, Jauregi, Kintana, Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a lehiatuko dira. Azken hauek segoviarrak dira, nahiz eta Arabako Federazioan duten lizentzia eta horrek balio dien herrialdeko txapelketa jokatu ahal izateko.
Zubiaga da garaipena lortzeko faborito nagusia. Gauzak ongi egiten baldin baditu, txapela jantzi beharko luke. Jauregi da berari aurre egin diezaiokeena. Hori bai, aipaturikoek gauzak ongi egiten ez baldin badituzte, hor agertuko da, joan den urtean bezalaxe, Rodriguez I.a, beraiek paretik kendu eta txapela janzteko. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Horretaz gain, bihar jokatuko da Harri-jasotze Torneoa. Murga, Lopez eta Atxa neurtuko dira.
Jaialdi hauen ardatz nagusia aizkora izango da. Bihar Arabako finala jokatuko da eta etzi hasi eta ondorengo hiru egunetan, berriz, Arabako Irekia. Arabako aizkolariak, Gipuzkoakoak eta Segoviakoak arituko dira nahastuta.
Etzi jokatuko da lehen finalerdia, eta bertan Zubiaga eta Jauregi Kintanaren eta Otaegiren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, Urrezko Aizkoran egiten den moduan. Lana ere oso berdintsua izango da. Etziko eguna, ordea, ez da horrekin amaituko, Orga-joko Torneoa ere jokatuko baita. Bengoa, Fernandez de Retana eta Saez de Castillo lehiatuko dira.
Asteartean Arabako Irekiko bigarren kanporaketa jokatuko da. Alde batetik, Rodriguez I.a eta Rodriguez II.a arituko dira, eta bestetik, berriz, Llanos eta Unai Otaño. Hemen ere, Urrezko Aizkoran egiten diren lan berberak egin beharko dituzte, guztira sei. Eguna bukatzeko, nesken eta mutilen Ingude-altxatze Torneoa jokatuko da. Nesketan, Hernandez, Gulova eta Ferran neurtuko dira, eta mutiletan, berriz, Franco, Lauzirika eta Ruiz de Aretxabaleta.
Azkena
Herri kirol jaialdiak ostegunean amaituko dira, baina lehiaketek asteazkenean izango dute azken saioa. Egun horretan Arabako Irekiko finala izango da, etzi eta asteartean irabazten dutenen artean. Horretaz gain, Lasto-altxatze Torneoa jokatuko da. Lauzirika, Ruiz de Aretxabaleta eta Franco neurtuko dira. Araban ez dira herri kirolari asko, eta gehienek denetatik egin behar izaten dituzte. Jaialdi guztiak Foruen plazan izango dira ikusgai, eta egunero 12.30ean hasiko dira.
Zubiaga eta Jauregi dira Arabako txapela lortzeko faborito nagusiak. Hori bai, beren mailarik onena ematen ez baldin badute, biharko finalean ezuste handi samarra har dezakete.
Juan eta Juanillo Rodriguez segoviarrak ere Arabako finalean izango dira. Horko federazioan dute lizentzia, eta horrekin herrialdeko txapelketan aritu daitezke.