Udate
Kabia espazioak antolatu Summer of Labs topaketan tailer didaktikoak izango dira
GARA | DONOSTIA
Errenteriako Kabia-Espazio Kreatiboa teknologiak eskaintzen dituen sormen aukerak eta erabilera sozialak maite dituztenen topaketa, Summer of Labs, ari da ospatzen egun hauetan.
Atzo, Tabakaleran gauzatutako zenbait proiektu aurkeztu zituzten. Adibidez, tripulatzea behar ez duten hegazkinak, laser izpien bitartez gauzak ebakitzen dituzten gailuak edota kutsadura antzematen duten makinak. Proiektu horiek dokumentatzen ari dira, nahi duenak euren garapenean lagundu dezan.
Gaur haurrei eta helduei zuzenduriko programa garatuko du Kabia espazioak. Tailerretan kartulinekin eta hautsitako jostailuen motorrekin robotak eraikiko dituzte. Gainera, aurpegiak eskaneatuko dituzte ondoren 3D inprimagailu batekin paperean inprimatzeko. Egin ahal izango duten beste gauza bat etxeko tresna zaharrak berrerabiltzea izango da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, tailerretan parte hartzeko ez da aparteko ezagutzarik behar; jakin-mina eta ikasi bitartean ondo pasatzeko gogoa nahikoak dira.
Eguerdian tailerretan parte hartzen duten guztiek elkarrekin bazkaldu ahal izango dute, eta iluntzean Arduinoren inguruko dokumentala proiektatuko dute.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren bulegoak, DSS2016EUk, Summer of Labs proiektua babesten du bere helburuekin bat datorrela-eta: inguruko kolektiboak garatzen ari diren ekimenak aurkeztea, batetik, eta kultura askea, irekia eta elkarlanean oinarritua izatea, bestetik. Kabia eta Tabakalera, gainera, Donostia 2016rekin elkarlanean aritu dira.