Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Ikurrinak
Ez duzu besteen esku uzten zureak defenditzea. Zu zoaz, ez zara gordetzen, harro zara haietaz eta zurekin gu ere harro gaude
Estatuen promozioa egiten jarraitzen dute Joko Olinpikoek. Frantziarrek sekulako dominak jasotzen dituzte, baina soilik txinatarren aldetik entzuten da dopinaren zurrumurrua. Gaineratekoak oso zintzoak direla alegia. Banderekin tirabirak sortzera atera dira; hau ezin sinetsia iruditu zait, mundu honetan bandera asko eta asko daude, herri gutxituek ere berenak dituzte, eta kirol munduan horien ateratzea oso naturala zela uste nuen. Usteak erdi ustel; izan ere, zale batek ikurrina atera duelarik hori bera bildu behar zuela etorri zaizkio erratera. Alegia estatuen banderak soilik onartzen direla.
Alta, berriz ere modan ari zaigu jartzen gure ikurrina Lapurdiko kostaldean. Izan ere, saltzen diren paletan, katiluetan, basoetan, oihaletan, jantzietan, edozein elementutan, ikurrina dugu. Frantses aldizkarietan ere Ipar Euskal Herriko goraipamena dugu turistak erakartzeko gisan, eta horretarako identitate ikurrak folklorizatzen dituzte, zentzu guztia kentzen saiatzen dira. Izendatzeetan ere nabarmena gelditzen da. Ez dute Pays Basque hobesten, nahiago dute Terre et Côte basques saldu. «Herri» hitza sobera zaie marketineko bulegoetan, politikariek ez baitiote herri ezagutzarik eman nahi Pays Basque horri!
Etxe hutsen kontrako kanpaina eraman da uda honetan, horretaz ez baita hitz egiten agintarien artean. Etengabe eraiki behar da, baina hutsak diren etxeen kopurua emendatzen doa. Bigarren etxebizitzen jabeek zerga berezirik ez dute ordaintzen bigarren etxea izateagatik. Hala balitz, laguntza litzateke herri txikietan azpiegituraren indartzeko. Zeren ororen buru herriek behar duten azpiegitura, bide, ur bideak... handiagoa da gehigarri horiengatik. Haatik, prentsan kanpoko jendea erakartzeko egiten den publizitatearen arabera, ez du batere ematen bigarren etxeen emendatzearen tendentzia murriztuko denik. Erresistentziaren ikurrinak.
Mariluz, ikusi zaitugu Loiolan. Etxeraten ordezkari gisa, irriñoa ezpainetan, beti berdin, sinpleki, gureak defenditzen. Gogoan dut oraindik, aspaldi, 1979an, Consolation ostatuan, nola ikusten zintugun, Soriatik heldu zinen, ostatuan kezka zabaltzen zen, bagenekien zure senarra han zela, gose greba luzean, oso gaizki, baina zu hor zinen, gora eta behera, jada bide luzeak egiten. Ez zenuen zure mina erakusten, errepresioaren zurrunbilo bete-betean zinen, eta gu, errepresioaren gure lehen lerroak ulertzen hasten. Ondoren, zure senarra askatu zuten hilzorian baitzen, ez beste deusengatik, ez baitzuten kartzelan hil zedin utzi nahi. Euskal herritarra, ikurrinik erakutsi gabe.
Iraun zuen, lagundu zenuten eta egoera larri horretatik atera zenuten. Geroztik, jarraitu duzue borrokan, une batean denak zineten preso, ikaragarria, beste ikasgai bat izan zen guretzat. Euskal herritar ezagutzaren lortzeko bidea, iraupena, gorabehera askoren gainetik, kolpe guztiak gaindituz.
Gaur egun oraindik zure etxekoak ez dira libro eta horregatik ikusi zaitugu Loiolan. Ez duzu besteen esku uzten zureak defenditzea. Zu zoaz, ez zara gordetzen, harro zara haietaz eta zurekin gu ere harro gaude.