Lorena Lopez de Lacalle eta Rikardo Otxoa | Arabako EH Bildu
Euskarak erabilera aukera berriak behar ditu Araban
Akats larria litzateke pentsatzea erabilera areagotzeko bide bakarra dagoela; bide nagusi horretara iristeko askotariko bidexka, zidor eta xendrak daudenez gero, euskaldun bakoitzak gustukoen duena ibiltzeko aukera behar du izan
Euskarak gure herrialdean urrats erraldoia egin du eta datuotan ondo baino hobeto islatzen da: elebidunak hirukoiztu egin dira Araban 1991tik (egun %16,8); gazteen ia erdiak euskaldunak dira, eta 2-19 urte bitarteko ume eta gazteen %40tik gora euskalduna da, eta beste horrenbeste ia-euskalduna. Hauek dira, besteak beste, EAEko V. Inkesta Soziolinguistikoak Arabari dagokionez utzi dituen emaitzak. Hala ere, datu positibo horiek badute hain baikorra ez den beste alderik, jakina. Batetik, oraindik asko dira erdaldun elebakarrak (%66, beste %17 ia-euskaldunak dira); bestetik, erabilera portzentajea ez dator bat ezagutzarekin, 35 urtetik beherakoen artean %7 da, baina helduen artekoa %4.
Datu horiek nahiko argi erakusten dute zeintzuk diren euskararen normalizazioan jorratu beharreko ildo nagusiak. Batetik, ezinbestekoa da datozen belaunaldietako guztiak euskaldunak izatea, Jon Landaburu hizkuntzalariak dioenaren arabera, «umetan mundua hizkuntza baten bidez izendatzen ikastea erabaki- garria da». Horrekin batera, gurasoentzako euskalduntze eta erabilera programak funtsezkoak dira, umeen euskalduntze prozesu horretan eragile aktibo izan daitezen; hortik, beraz, egungo programetan, krisiaren aitzakiapean arrisku bizian daudenak, inolako atzerapausorik ez onartzeko premia. Jakina, helduen euskalduntzeak jarraitzen du normalizazio prozesuaren zutabe estrategikoenetarikoa izaten, erdaldun elebakar horiek euskaldun elebidun bilakatzen joan daitezen. Eta ildo horretatik garrantzi berezia daukate belaunaldi gazteenetan agertzen diren xede-taldeekin (16-35 urte bitartekoak) egin beharreko lanek. Baina horrekin batera, erabilerarako aukera berriak sortzea ezinbestekoa da, era askotakoak, sektoreka zein arloka eta han-hemenka barreiatuta. Lehenik eta behin, ikastolan, ikastetxean edota euskaltegian ikasitakoa praktikatzeko eremuak behar dira, mundu akademikotik egunerokotasuneko jardueretara jauzia egiteko. Funtsezkoa da, gainera, ume eta gazteen kasuan euskararen erabilera euren mundu afektiboetara lotzea, hizkuntza bera euren unibertsoa sortzeko tresna izan dadin.
Euskaldunok elkar ezagutzeko baliabide errazak behar ditugu, euskaraz egiteko aukerak eta topaguneak eskura edukitzea, erabilera areagotuko badugu. Hots, euskararen erabilera hauspotu egingo duten arnasguneak behar ditugu, mota desberdinetakoak: batzuk, txikiak eta sakabanatuak, interesgune zehatz edota minoritarioei atxikiak; beste batzuk, euskaldun zein euskaltzale ororentzat erreferentzia izango direnak, euskalgintzaren lan erraldoiaren osotasunaren erakusga- rri eta proiektu berrien pizgarri. Guztiak dira garrantzitsuak eta elkarren osagarriak. Akats larria litzateke pentsatzea erabilera areagotzeko bide bakarra dagoela; bide nagusi horretara iristeko askotariko bidexka, zidor eta xendrak daudenez gero, euskaldun bakoitzak gustukoen duena ibiltzeko aukera behar du izan. Bestalde, arnasgune horiek euskal komunitatearen autoidentifikazioan eta zentralizazioan lagundu behar dute.
Arnasgune horiek, jakina, oso lotuta egon behar dira euskarazko kultur sorkuntzarekin, era zabalean ulertuta. Euskaraz jarduten duten mota guztietako kulturgileek horietan eduki behar dute aterpea, horietarik euren ekoizpena proiektatzeko aukera. Sinergia berriak sortu behar dira euskalgintzaren eta kulturgintzaren artean, euskarazko kulturaren sustapena kultur eredu berri baten eskutik joan dadin, hau da, Euskal Herriak behar duen kulturgintza hegemonikoki euskalduna izan dadin.
Dena dela, ezagutza eta erabilera areagotzeko lan horretan, ezagutzaren eta erabileraren arteko oreka lortzeko bide horretan, guztion inplikazioa funtsezkoa da, instituzioetatik eta politikagintzan jarduten dugunongandik hasita. Udal eta foru administrazioek erantzukizun handia daukate erabilera areagotzeko dinamika horretan; lehenik eta behin, erabilera hori ziurtatzeko behar beste baliabide (baita ekonomikoak ere, noski) bermatu behar dituztelako, besteak beste, udal langileen identifikazioa erraztuz. Bestetik, finantziazio nahikoa ziurtatu behar dutelako, baita krisi garaiotan ere, arnasgune horiek errealitatea izan daitezen eta funtzionamendu egokia eduki dezaten. Azkenik, euskalgintzarekin elkarlan zintzoan jardun behar dute, euskaraz bizitzea naturaltasunez ibiltzen den bide erosoa izan dadin.
Bukatzeko, eta politikariok erabilera sustatzeko konpromisoari dagokionez, EH Bilduk argi du bere hautua: «Arrakastaren arrazoi nagusia eraiki nahi den herri proiektua zuzentzen duen sektore politiko, sozial eta ekonomikoan hizkuntzaren parametroak duen hegemonian datza».