GARA > Idatzia > Kultura

Udate | Etxarriko jaiak

«Pro libertate patria, gens libera state», lelopean Etxarri 2012 ekimena lan eta lan ari da herrian

Nafarroako konkista garaian Obanoseko infantzoiek erabiltzen zuten esaldi berbera daukate buruan ekimeneko kideek, iragana berreskuratu, oraina landu eta geroa eraikitzeko helburuarekin egiten duten lanean.

p051_f02.jpg

Aitor AGIRREZABAL | ETXARRI-ARANATZ

1312. urtean, Karlos II. Gaiztoaren aginduz sortu zuten Etxarri Aranatz herria. Aranazko bizilagunak Engarran de Villers Nafarroako agintariarengana joan ziren, Arabako mugak zekartzan arazoak salatzeko. Izan ere, Arabako biztanleek, bake garaietan ere, orain Sakanako lurrak direnetan sartzen ziren ondasunen bila. Hori dela-eta, aranaztarrek Echerri izeneko bastidaren inguruan herri bat sortzea proposatu zioten de Villersi, modu horretan lur horiek defendatzeko.

Aurten zazpigarren mendeurrena bete du Etxarri Aranatz herriak, Nafarroako konkistaren bosgarrena betetzen den urte berean. Urte eta gertaera guztiak gaindituta herriak bizirik dirauela aldarrikatu eta ospatzeko, bertako hainbat lagunek Etxarri 2012 ekimena aurkeztu zuten iazko urte amaieran. Eta bere kideak izan ziren larunbatean aurtengo jaiak pizteko ardura izan zutenak.

Memoria eta burujabetza

Talde honek, bi helburu nagusi biltzen ditu. Alde batetik, herritarrek memoria historikoa berreskura dezatela, bai herriaren sorrera, bai 200 urte geroago Gaztelak egindako Nafarroaren konkista. Bestetik, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena lau haizeetara zabaltzea. Zer ziren, zer diren eta zer izango diren galderari erantzun berbera eman diotela duela 700 urte, 500, gaur egun, baita etorkizunean emango ere: «Euskara eta Herria garela aldarrikatzen dugu, Euskal Herria gara».

Iazko Nafarroaren Egunean, abenduaren 3an, aurkeztu zuten Etxarri 2012 ekimena eta herritarren eta herriko eragileen parte-hartzea bultzatu nahi dute, guztiek beren arbasoen ohitura, hizkuntza, historia edota janzkera bera ere ezagutu dezaten.

Helburu hauen atzetik hainbat ekitaldi burutu dituzte urte osoan. Urtarrilaren 16an 35 urte bete ziren Etxarri Aranazko balkoian ikurrina ezarri zutenetik. Hura ekitaldi handia izan zen trantsizio deituriko garaian. Alkateen Mugimenduko kideak Etxarri-Aranatzen bildu ziren amnistiaren, foruen eta euskararen alde egiteko. Orduko aldarrikapenak berresteko eta egun hartan bertan bildutako Alkateen Mugimenduko lagunei errekonozimendua egiteko elkartu ziren Sakanako herrian. «Herriaren historia begiratuz, gure etorkizuna marraztu nahi dugu», diote Etxarri 2012ko kideek.

Maiatzean mahai-inguru bat prestatu zuten burujabetzaz eta etorkizunaz mintzatzeko. Bertan Joan Tarda (ERC), Roman Felones (PSN), Joseba Egibar (EAJ) eta Pernando Barrena (ezker abertzalea) bildu ziren.

Urte osoan lanean jarraituko dute 500 urte ondoren Obanosko infantzoien esaldiari zentzua eman nahian: «Pro libertate patria, gens libera state». Bai eta jaietan ere.

PARTE-HARTZEA

Lehenbiziko ekintzatik eta azkenekoa burutu bitartean herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela diote ekimenekoek. Beste era batean ezinezkoa da horrelako mugimendu batek arrakasta izatea.

IRAGANA ETA GEROA

Herritarren memoria lantzea da ekimenaren jomuga nagusietako bat. Gazteenetik zaharrenetara herriaren historia ezagutu eta oraina uler dezaten du helburu Etxarri 2012ren urte osoko lanak.

Urte amaiera arte, lanean jarraituko du plataformak

Egun hauetan, jaietan, ez da faltako Etxarri 2012ren ukitua. Beraiek izan dira aurtengo festak piztu dituztenak. Ekimeneko hiru kidek eman zioten su txupinazoari aurreko larunbatean, beren arbasoak 1312. urtean jantzita zihoazen moduan festari ukitu historiko bereizgarria emanez.

Horren ondoren, ikurrina udaletxe aurrean ezartzeko debekuari erantzunez, herriko sarreran dagoen errotonda handian ezarri zuten Nafarroako banderola arrano beltzaren ondoan. Ekitaldia lehen udaletxe aurrean egiten zuten, baina bertan egitea ere debekatu egin zieten. Etxarri 2012ko lagunen lana ez zen larunbatean amaitu, eta ordutik eta jaiak amaitu bitartean, Etxarri 2012ko lagunek herri programan aurreikusitako ekitaldietan hartuko dute parte.

Urtea amaitu bitartean, eta abenduaren 3an berriz ere iragana, oraina eta geroa aldarrikatu aurretik, beste ekitaldi batzuk ere prest dira. Horien artean, urrian egingo duten herri antzerkia. Jose Luis Erdozia etxarriarak idatzia, herriaren sorrera irudikatu duen ikuskizuna prestaketetan da. Horregatik, plataformakoek uste dute herritar ororen laguntza eta parte-hartzea beharrezkoa dela. Udalaren laguntzarekin, beharrezko diren antzerki ata joskintza tailerrak antolatuko dituzte, urrian etxarriar guztiek beren herriaren sorrera nolakoa izan zen ezagutzeko aukera izan dezaten. Urtea amaitu bitarte, eta abenduaren 3an berriz ere iragana, oraina eta geroa aldarrikatu aurretik, beste ekitaldi batzuk ere prest dira. Horien artean urrian egingo duten herri antzerkia. Jose luis Erdozia etxarriarak idatzi du bere herriaren sorrerari buruzko antzerkia. Plataformatik, herritar ororen laguntza eta parte-hartzea eskatzen dute. Udalaren laguntzarekin, beharrezko diren antzerki ata josgintza tailerrak antolatuko dira. Beraz, urte osoan lanean jarraituko dute Obanosko infantzoien esaldiari zentzua emanez: Pro libertate patria, gens libera estate. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo