GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Arabako finala

Zubiagak ez du hutsik egin

Hasieran Jauregik aurre egin ahal izan bazion ere, amaieran Ilarduiakoak ezin izan zuen txapeldunaren erritmoan jarraitu.

p024_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Zubiagak irabazi zuen atzo Gasteizen jokatu zen Arabako finala. Bera zen irabazteko faborito nagusia, eta aurtengoan ez zuen hutsik egin. Jauregi zen bera gehien estutu zezakeen aizkolaria, eta horrelaxe izan zen, nahiz eta Ilarduiakoak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen amaieran.

Jende asko batu zen Gasteizko Foru plazan, baina saioaren erdialdera euriak gogor eraso zion, eta aterperik ez dagoenez, jende askok joan egin behar izan zuen. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Zubiagak gogor ekin zion saioari, eta berehala egin zuen ihes. Atzetik saiatu zen Jauregi berari aurre egiten, baina tarte batean eutsi ahal izan bazion ere, azkenean txapelduna bakarrik geratu zen, eta amaieran aparteko arazorik gabe jantzi ahal izan zuen txapela.

Hortik atzera ere, ez zen emoziorik izan, sailkapena berehala zehaztu baitzen, eta bakoitza bere postuan seguru izan zen, aurrekoak ihes egin eta atzekoek harrapatzeko beldurrik gabe.

Arabako Txapelketak berrikuntza nagusi bat izango du aurten; izan ere, hemendik aurrera Bigarren Maila ere izango du. Atzo azken postuan amaitu zuen Rodriguez II.a Bigarren Mailara jaitsi da, eta abuztuaren 25ean jokatu beharko du Kuartangon maila horretako finala. Hura irabazten baldin badu, berriro ere datorren urtean maila nagusian jokatu ahal izango du, bestela horko irabazleak beteko du segoviarraren lekua.

Juanillo Rodriguezekin batera, Llanos, Kortxero, Juan Carlos Lopez, Gaizka Lopez eta Ruiz de Aretxabaleta neurtuko dira. Ez da berri txarra Araban horrenbeste aizkolari ikustea.

Bestetik, gaur jarriko da abian Arabako Irekia. Gasteizko Foru plazan jokatuko da. Bertan, Zubiagak eta Jauregik Kintanaren eta Otaegiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Urrezko Aizkorako eran jokatuko da, eta bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, guztietako denborak batu, eta onena duenak lortuko du garaipena. Faboritoak aipatzea ez da erraza, bi bikoteak nahiko parekatuak baitira. Otaegik ez beste guztiek jokatu zuten atzoko Arabako Txapelketa, eta ikusi beharko da ea erabat errekuperatu diren, edo nekearen zantzurik agertzen duten.

Bestetik, biharko finalerdian ez da Otaño arituko min hartu duelako, eta beraren ordez Larretxea arituko da Llanosekin, Rodriguez aita-semeen aurka.

Bigarren Maila

Juanillo Rodriguez sailkatu zen azken postuan, eta hilabete honen amaieran jokatuko den Bigarren Mailakoa irabazi beharko du zegoen lekuan jarraitu nahi baldin badu.

Atxak oso erraz irabazi zuen Arabako harri-jasotzaileen txapela

Atxak oso erraz irabazi zuen atzo Andre Maria Zuriaren Torneoa edo Arabako Txapelketa, gauza bera baitzen.

Hiru harri-jasotzaile izan ziren norgehiagokan, eta bakoitzak zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili zituen, denak ere 100 kilokoak, eta lanerako, aldiz, hiru minutuko txanda bana izan zuten.

Atxak guztira 6.648 kilo altxatu zituen. Bigarren postuan Murga sailkatu zen 4.956 kilo bizkarreratuta, eta hirugarren, berriz, Lopez sailkatu zen 4.844 kilo jaso ostean.

Gaur ere jaialdia 12.30ean hasiko da Gasteizko Foru plazan, eta aizkolarien Arabako Irekiarekin batera, herrialdeko orga-jokoko txapela erabakiko da. Bertan, Bengoa, Fernandez de Retana eta Saez da Castillo neurtuko dira. Gurdiari itzulirik gehien ematen dizkion kirolariak jantziko du txapela. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo