surfa
Medina eta De Souza surf egiten izan dira Munichen
Bi surflari profesionalak Alemaniako hirian izan dira errekako olatuak dastatzen.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Alemanian den olatu famatu eta iraunkorrena Bavierako hiririk handienean aurkitzen da, Municheko erdialdean hain zuzen ere. Arroka batek korronteari galga egiten dio eta metro erdiko olatu bat sortzen da.
1972tik hartzen dute Eisbach errekako olatu hau bertakoek eta turistak erakartzen dituen atrakzio bat ere bada.
FUS Creu izeneko surf talde bat ere osatu zuten Municheko surflariek eta haiekin izan dira orain gutxi Gabriel Medina eta Adriano de Souza surflari profesionalak.
Ez da batere erraza errekako olatuan surf egitea. Hasieran bi surflari brasildarrek arazoak zituzten olatuan erori gabe egoteko. Hamar segundo ozta-ozta egiten zituzten zutik, azkenerako ordea, lortu zuten olatua menderatzea eta bertako surflariekin batera, ikuskizun ederra eskaini zuten.
«Eromena da, baina dibertigarria da», zioen Medinak, «ez du zerikusirik itsasoko olatuekin».
Brasildar gazteak, hasierako zailtasunak gaindituta, bere ohiko 360 graduko birak eta snap bikainak egin ahal izan zituen, eta profesionalek edozein olatu motatan surf egiteko gai izan behar dutela erakutsi zuen.