Surflari Ernegatua
Besapean daramana
Taula besapean dutela joaten dira surflariak beren domina jasotzera, eta hortzek, janaria murtxikatzeko baino zerbait gehiagorako balio dutela ikasi behar izaten dute. Oholtzan, surf taula besapean daraman lehiakidearen argazkia baino duinagoa iruditzen zait komuneko tapa bat surf taula moduan duen presidente umil baten imajina.
Azken urteetan ohiko bilakatu da sariak jasotzera doan lehiakidea surf taula besapean duela oholtza gainean ikustea. Beti iruditu zait argazki erridikulua. Agian, beren babesleek edo taulak ematen dizkietenek agintzen diete propaganda egiteko edo argazkian gisa horretan agertzeko, baina nire ustez, kontrako efektua lortzen da, hainbeste taula, sari eta iragarkirekin, sarituen aurpegiak ikustea ere kosta egiten baita.
Maila apalenetan ere taula besapean dutela joaten dira surflariak beren domina jasotzera. Sariak jasotzeko arazoak ere izaten dituzte askotan eta hortzek, janaria murtxikatzeko baino zerbait gehiagorako balio dutela ikasi behar izaten dute.
Esandakoa, saria jaso behar duen lehiakidea besapean taula duela agertzen den argazkia, erridikulua iruditzen zait, eta beste argazki batekin alderatzen dut.
Maiatzaren 25ean, «El Mundo» egunkariak Uruguaiko presidentearen inguruko erreportaje bat argitaratu zuen. Bertan, Pepe Mugika presidentea oso modu apalean nola bizi den agertzen zuten. Hilean 25.000 peso jasotzen dituen arren, diruaren zati handiena bestelako erakundeei ematen omen die, eta beretzat jasotzen duen hileko soldatak ez omen du 959 dolar amerikar gainditzen. Presidentea oso modu apalean bizi da, beraz, Montevideo kanpoaldean dagoen langile auzo batean.
Kazetariak, sinetsi ezin zituen datuak esku artean zituela, benetan gauzak horrela ziren ikertzen hasi zen, eta presidentea zelatatu zuen, auzoko beste edozein kideren mugimenduak jarrai zitzakeen modu berean, Mugika, bestelako babesik gabe ibiltzen baita kalean.
Zelatariak kontatzen du, egun batean, komuneko tapa bat erostera joan zela presidentea, Paso de la Arenako denda batera, eta erosketak egin ostean, gazte batzuk gerturatu eta beraien elkartea ikusteko gonbidapena luzatu ziotela. Huracan futbol taldeko kideak ziren.
Uruguaiko presidentea elkarteko egoitzara gerturatu zen. Komuneko tapa besapean, hitzaldi labur bat eskaini zien kirolari gazteei; azpiegiturak hobe zitezkeela onartu zuen eta klubak lehen mailara igotzea lortzen bazuen haragi errea jatera gonbidatuko zituela ere agindu zien entzuleei.
Auzokideek argazkiak atera nahi izan zituzten beren presidentearekin, eta honek ez zuen ezetzik esan. Egin berri zituen erosketen poltsa esku batean eta komuneko tapa, surf taula bat bailitzan, besapean zituela, argazki andana egin zizkioten.
Aipatu argazkiak, zenbaitek, presidentea lotsarazteko erabili nahi izan ditu. Presidentea lotsagarri utzi nahian edo, beraiek geratu dira toki txarrean, jendeak berarekiko zuen konfiantza handitzea baino ez baitute lortu.
Oholtzan, surf taula besapean daraman lehiakidearen argazkia baino duinagoa iruditzen zait komuneko tapa bat surf taula moduan duen presidente umil horren imajina. Bestelakorik ikusi nahi duenak surf taula besapean darama.