surfa
Sir Richard Branson: Mantxako kanala kitesurf batekin igaro duen nabigatzaile zaharrena
Richard Branson Kitesurf batekin Mantxako kanala zeharkatzen duen nabigatzaoñe zaharrena delako atera da berriki hedabideetan, baina finantza gizon britainiar honek munduko errekor ugari lortuak ditu jada. Azken urteetan bere semearekin kitesurf egiten dabil eta eremu honetan ere ezagun egin da. Edozer egiten duela ere, zeresana ematen duen gizon dirudun eta xelebre horietako bat da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Kitesurfak gora egin du azken urteetan, baina oraindik kirol ezezaguna dela esan daiteke. Itsas kirol gisa, modalitate honetan egin ohi diren txapelketek ez dute ia oihartzunik eta txapeldunen izenak ez dira batere ezagunak.
Itsas kirol honek badu aberatsentzako kirol izatearen fama; izan ere, materialari dagokionean behintzat, oso garestia da.
Azkenaldian gainera, kirol honekin lotutako berriak munduko gizon aberatsenetako batek egin duen balentria bati lotuak datoz.
Sir Richard Charles Nicholas Branson negozioen handi-mandi ingelesa da. Virgin markako nagusia da. Marka honek, egun, 360 enpresa barne biltzen ditu eta denen artean Virgin Group osatzen dute. Beraz, enpresa gizon gisa oso ezaguna da, baina horrez gain, beste zenbait arlotan ere bere izenak oihartzun handia izan du.
Branson gizon mediatikoa da. Askotan deitzen dute telebista programa desberdinetan edo lehiaketetan parte hartzera. Telesail eta dokumentaletan parte hartu izan du, baita zuzeneko programetan ere. Fox katean, reality bateko izarra ere izan zen, baina ez zuen asko iraun programa hark.
Munduko errekorrak lortzeko saiakera ugari egin izan ditu Bransonek, eta batzuetan helburua lortu ere bai. Agian, horien artean ezagunenak aireko globoarekin lortutako markak izan dira.
Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen lehen globoa, esaterako, berak gidatu zuen. Dirudienez, ur eremu zabalak zeharkatzea maite du. Izan ere, berriki egin duen moduan, Mantxako kanala ere modu desberdinetan zeharkatzeko saiakera anitz egin izan ditu.
2004. urtean esate baterako, Gibbs Aquada edo uretako auto moduko batekin zeharkatu zuen aipaturiko itsasartea, ordubete 40 minutu eta 6 segundoko denbora eginda. Azkeneko saiakera, berriz, kitesurf batekin egin du, eta errekor berri bat lortu du.
Richard Branson, finantzari eta dirudun britainiar ezagunak marka berri bat hautsi du beraz, Mantxako kanala kitesurfeko taula batekin zeharkatu duen pertsona zaharrena baita.
Uztailaren 1ean lortu zuen itsasartea osorik zeharkatzea, baina bi aldiz saiatu behar izan zuen; izan ere, aurreko egunean saiatu arren ez zuen helburua bete.
61 urterekin, Frantzia eta Ingalaterra artean dagoen ur eremua zeharkatu zuen. Horretarako hiru ordu eta 45 minutu behar izan zituen. Ingalaterrako kostaldean, Kent konderrian dagoen Dymchurch herrixkatik abiatu zen eta Frantzia iparraldean dagoen Wimereux herriko kostaldean hartu zuen lur.
«Uste baino gogorragoa izan da, haize ufada eta olatu indartsuak topatu baititut», aitortu zuen nabigatzaileak, «kanal erdian sekulako haizetea topatu dut eta norabidea, iragarri zutenaren justu kontrakoa zen. Egia esan, dena uztekotan egon naiz zenbait momentutan».
Helmugara iritsi bezain laster xanpain botila ireki eta lorpena ospatzeari ekin zion: «Dena ongi atera da. Oso gustura nago helburua lortu dudalako, nahiz eta gaurkoan, baldintzak atzokoak baino gogorragoak izan diren», esan zuen, xanpain botila esku artean zuela.
Aurreko egunean saiakera bertan behera utzi zuen Bransonek, trabesia egiteko aukeratu zuen taula txikiegia omen zelako. Hurrengo egunean berriz, baldintzak ez ziren hobeak, haize ufada indartsuak eta olatu handiak zeuden bidean, baina itsasoratu eta nola edo hala moldatu zen helmugara iritsi eta lortu nahi zuen helburua lortzeko.
Balentria honekin beste errekor bat ere lortu nahi zuen, ordea. Izan ere, inoiz Mantxako kanala kitesurf batekin zeharkatu duen nabigatzaile azkarrena izan nahi zuen; baina ez zuen lortu, errekor hori bere seme Samek lortu baitzuen.
Samek, ibilbide bera bi ordu eta erdian egin zuen eta semeak egindakoarekin pozik agertu zen Branson: «Zoragarria da gure familiarentzat errekor hauek egitea. Samen errekorrak errespetu handia eragiten dit, harrotasuna sorrarazten dit. Ederra da Frantziako lur hauetara iritsi, bertan zutik egon eta poliziaz inguratuta ez egotea».
Bransonek kitesurf egiteko duen zaletasuna aspaldikoa da eta behin baino gehiagotan atera izan da aldizkarietan kirol hau egiten. Orain dela bi urte, esaterako, kitesurf egiten agertzen zen zenbait argazki oso famatuak egin ziren, baina orduko hartan ez zuen marka bat lortzeko asmorik.
Stephane Gautronneau argazkilariak bere emaztearekin batera kitesurf egiten agertuko zen argazki batzuk atera nahi izan zizkion. Bransonek kitesurf egiten zuen bitartean gibelean eraman zuen emakumea eta horrela egin ziren famatu orduko argazki haiek.
Bizkarrean zeraman neskato liraina Denni Parkinson modelo famatua zen eta goitik behera larrugorrian zegoen.
Honela mintzo zen Branson komunikabideen aurrean: «Zer egin dezaket soinean ezer ez daraman neska batekin argazkiak ateratzeko eskatzen badidate? Halakoetan, kokotean begiak eduki nahi nituzke».