Ariane Kamio Kazetaria
Itxarongelan ikasitakoak (II)
Ostirala, goizeko 11.30ak. Telebistan, «El Programa de Ana Rosa»-ren udako saioa. Lehiaketa abiarazi dute «kolaboratzaileen» artean -Isabel Pantojaren iloba tarteko-. Gizonak emakumeen aurka; sexuen arteko neurketa, nor baino nor inteligenteagoak. Sexuaren inguruko galderak joan-etorrian, eta erantzun inozoak nonahi.
Itxarongelako paretan, metro eta erdiko luzera duen kartel handia. Irudian, emakume bat jantzi arrosa eta urdin bana esku artean dituela. Azpian: «¿Quieres conocer el sexo de tu bebé en la octava semana? Descúbrelo a través de un simple análisis de sangre».
Jende gutxi dago itxarongelan. Inoiz baino hutsago daude elkarren ondoan zirkulu erdia osatzen duten aulkiak. Abuztua heldu da Euskal Herrira, eta opor garaia nabarmena da. Erizainen joan-etorria, ostera, etenik gabea da kontsultak banatzen dituen korridorean. Urgentziazko afera izan dute antza.
Ezkerrean, hiru emakume. Berrogeita hamar bat urteko bi, eta hemezortzira ozta-ozta iristen den gaztetxoa. Elkarrekin daude hirurak. Haserre bizian dago haietako bat. 11.00etan zeukan hitzordua atzeratu diote, urgentzia dela-eta. Eskubiderik ez dagoela eta suminduta aurrera eta atzera dabil itxarongelan.
Eskuinean, gizon-emakume bikote bat. Emakumea hatzak etengabe korapilatzen eta askatzen ari da, urduritasunaren seinale. Gizonezkoak, hankak gurutzatuak ditu eta telebista saioari begira dago, denbora-pasan. Bikotea etengabe hizketan ari da, eta gizonak eskua izter gainean jartzen dio noizbehinka, isil dadin-edo, telebistari begira jarraitzen badu ere.
Haur baten negarra entzuten da hondoko kontsultatik. Beste erizain bat pasa da korrika; erditzeetako tresneria darama oihal berde batez estalitako bandejan. Garbiketaz arduratzen den emakumea haren atzetik. Medikuak joan-etorrian. Eta kexuka ari zen emakumezkoak korridorean erakutsi du buruaren zati bat. «¿Habrá nacido la criatura en la consulta? Seguro que es niña, ¡con los berridos que está pegando!». Segidan, gauzak hartu eta badoaz `hiru Mariak'. Telebista itzaltzea eta kartela estaltzea soilik falta da orain. Arrosa eta urdin gehiegi dago munduan.