Mikel Aramendi Kazetaria
Munduaren nagusiak berritzeko garaia
Begiramen gutxiago diot, edonola ere, batean -AEBn- demokrazia gauzatzen dela eta bestean, Txinan, diktaduraren itxurakeria besterik ez dela izango dioen topikoariEzohiko halabehar kronologiko batek elkarren ondoan suertaraziko ditu aurtengo udazkenean munduko bi potentzia nagusienen elite politikoen berrikuntzak. Irailaren amaieran edota urriaren lehen asteetan, Txinako Alderdi Komunistaren 18. Kongresuak Bosgarren Belaunaldiaren eskuetan ipiniko du partiduaren eta estatuaren agintea; belaunaldi horren goreneko maila zeinek eta nola osatuko duten berretsiko da bilkuran, ezkutuan erabakitakoa erritualki jendaurreratuz. Ia segituan, azaroaren 6an, ohiko zalaparta koloretsuarekin, estatubatuarrek B. Obamaren eta M. Romneyren arteko aukera egingo dute.
1992raino joan beharko genuke antzeko parada bat topatzeko, baina, orduan, jada agintean zegoen Hirugarren Belaunaldia berrestea besterik ez zuen egin Txinako Alderdiaren 14. Kongre- suak; mamitsuagoa izan zen AEBetakoa, non B. Clinton izeneko ezezagun batek G.H.W. Bush lehendakaria menderatu baitzuen krisi ekonomikoaren boladak eta R. Peroten anomaliak lagunduta. Urrutirago joanda, 1976ra begiratu beharko genuke, baina orduan ezberdintasunak are nabarmenagoak lirateke.
Alderatu ezineko gertakizunak direla biak esango dit baten batek. Eta egia da, hein batean. Berrehun urte pasako usadioaren arabera zertuko da bat, bestearen erro zehatzak hamar aldiz gazteagoak diren bitartean; proportzioak, haatik, alderantzizkoak lirateke herrialdeetako bakoitzaren «adin politikoa» zenbatuko bagenu... Begiramen gutxiago diot, edonola ere, batean -AEBetan- demokrazia gauzatzen dela eta bestean, Txinan, diktaduraren itxurakeria besterik ez dela izango dioen topikoari; ez dut uste ehun eta piko milioi hautesle estatubatuarrek beren elite politikoaren osaketan Txinako laurogei eta piko milioi alderdikide komunistek baino askoz erabakimen handiagoa dutenik. Ez behintzat sistema bakoitzak bere buruaz (eta hurkoarenaz) duen iritziaren ordez neurketa eredu bateratu eta zuhurxeago bat erabiliz gero. Duela lau urte Obama beltza Etxe Zurira eraman zuen garraldiaren hautsak ikusi besterik ez dago, bestela.
Aurtengo berrikuntza «sinkronizatu» hauen berezitasuna da, agian, zein kontraesankorrak izango diren sorburuan dituzten ereduekiko. Ukaezina da Txinako Alderdi Komunistaren zuzendaritza berritzeko sistemak -Dengen garaietatik indarrean dagoen «bi kongresu-aldi, belaunaldi berri bat» formulak, funtsean- erregimenaren iraupena ziurtatu nahi duela aginte-taldeen berrikuntza sosegatua eta haien politiken jarraikortasuna bermatuz; eta, hala eta guzti, orain nagusituko den Bosgarren Belaunaldiak zer egin dezakeen beldurrez daudela munduko agintari gehienak ematen du... Ostera, elite politikoa maizki berritu eta herritarren nahiak hari inposatzeko asmatu omen zen sistema estatubatuarrak politika berberaren azal ezberdinak besterik ezingo dituela eskaini aukeran ziurtzat eman dezakegu denok... eta horrela, bere alderdikideek ere nahi ez zuten hautagaia, herrikide eredugarritzat ia inork ere hartuko ez lukeena, bihur daiteke munduko lehen potentziaren buruzagi. Berrikuntza ote da hau guztia?