GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Cira Crespo Historialaria

Aukeratutako identitateak. Adibide bat milaren artean

Orain subalternoaren ondoan gaituzte jarri, zapalduarenean, arrotzarenean. Gure erabakia da horren jakitun izatea eta kontsekuenteki jokatzea

Erromatarren garaietatik kontzeptu bat adierazteko hitzaren bila dabiltza: bere herrian atzerritar denari nola esan? Incola hitzak, hasiera batean «lurra lantzen zuena» izendatu zuen. Norbere lurra lantzen zuenari hots egiteko erabili zen, kolono erromatar iritsi berriekiko kontrastean. Gero, boteretsuek hizkuntzaren gain eragiten duten perbertsio hori dela medio, bertan jaio arren erromatar hiritartasunik ez duenari erreferentzia egitera igaro zen, zer eta bere herrian atzerritar denari. Hogei mende baino gehiago dira igarotakoak eta uste baino sentimendu arruntago bat deskribatzeko hitz bila jarraitzen dugu: bizi garen tokiak gure etxe izateari uzten dio, eta toki arrotza bihurtzen zaigu.

Egoera hau begi-bistakoa da espazio kolonizatuetan, ordena berri bat ezarri eta kolonizatzaileak hura bere etxea dela erabakitzen duen horietan. Ikus dezagun, adibide txiki bat, beste milaren artean. Duela 500 urte baino gehiago, konkistadore espainolak Chiloera iritsi ziren, egun Txile deritzon estatuaren hegoaldean dagoen artxipielagora.

Oso gutxi dakigu artxipelago haren konposizio etnikoaz, zeren eta dauzkagun idatziek funtsean lurraldearen aberastasunez baitihardute, eta aberastasun horiek ustiatzeko modurik onenez.

Zeharkako aipamenak baino ez dira tokiko populazioei buruz dauzkagunak. Iturriek helarazten diguten irudia etnia eta kultura ugari bizi dituen lurraldearena da.

Konkistatzaileak mailu inperialistarekin jo zuen uhartea. Prozesua eskuliburuetan aurkitzen denetakoa izan zen: espainolen jabetzetan lanean aritzera behartu zituzten bertakoak eta erlijio katolikoa ezarri zieten. Indigenen aldetik erresistentzia mugimendu ugari izan ziren, hala erantzun armatua, nola erresistentzia zibila, grebak (behartutako lanera joateri utziz) eta erbestea. Horrek guztiak ondoren tragikoa izan zuen. Lehenengo eta behin, populazioaren gainbehera izugarria, espainolen aldean gutxiengoan utzi zuena. Albo-ondorio gisa, konkistatzaileen sarrera aurreko kulturen arragoa desagertu egin zen. Emaitza kontzientzia bakarra izan zen, indigenarena edo zapalduarena. Aukera bakarra utzi zuten, indigena izatea, zapaldu izatearen sinonimo. Konkistaren olatuak ñabardura eta ezberdintasun pila bat ito zituen.

Nortasunaren desintegrazio prozesuan azken maila, mendebalde ia osoan gertatu bezala, Nazio Estatuaren egituraketa izan zen, zeina Txileren kasuan, «Madre Patria»-rengandiko independentziarekin elkar harturik iritsi baitzen. Orduan jarri zen kultur homogeneizazioaren makineria benetan martxan. Kultur inposizioak «albo-kalte» izateari utzi zion eta estrategia baten erdigune bihurtu zen. Nekez iraun zuen nolabaiteko ezberdintasun sentimendu batek. Indigena izateak zekarren bazterketak jarraitzen zuen, baina hitz horrek zehazki zer esan nahi ote zuen ia jakin gabe, ordurako indigenaren izatea sostengatuko zuen hizkuntzarik nahiz bizimodurik geratzen ez zelako.

Baina ez dago larrienari buruz aritu beharrik. Bere herrian arrotz dira bere landa ingurua hiri bihurtu zaion hura edo bere hizkuntza erabiltzeko aukera galdu duten horiek guztiak, arrotz eta urrun zaien hizkuntza batek inguraturik. Horiek guztiak ere kolonizazioaren adibide dira. Gu, indigena chiloteak bezala, hein batean Nazio Estatuaren biktima gara. Gure nortasuna apropiazio horretan oinarriturik eraiki beharrean gaude. Ez dago atzera bueltarik, ez gara berriro inoiz izandakoak izango.

Orain subalternoaren ondoan gaituzte jarri, zapalduarenean, arrotzarenean. Gure erabakia da horren jakitun izatea eta kontsekuenteki jokatzea. Gure identitatea aukeratzen dugu zapalduen taldearen parte izan eta jende errari horren aldamenean ibiltzeak dakartzan fruituak biltzea erabakitzean.

Txileko hegoaldeko uharte txiki batetako indigenek maputxe bihurtzea erabaki zuten behin: galbidean zen hizkutza maputxea bere egin zuten, berdin errituak. Homogeneizazioaren aurka egiteko euren modua izan zen. Batek daki Chiloen indigena izan nahi duten gizon-emakumeen zainetan behar beste odol maputxe dagoen. Nori axola zaio hori, baina? Iparraldeko maputxeekin bat egitea erabaki dute, euren zapalkuntza, bazterketarekin dituzten arazoak, berberak direlako. Hemen ez gara odolkidetasunaz ari, baizik eta borrokakidetasunaz. Bila dezagun, bada, maputxe chiloteek bezala, geure burua aurkezteko balioko digun zubi bat, toki komun bat, munduan dugun kokapenak sortzen digun harridurari aurre egiten lagunduko diguna.

Krisiak dakarren segurtasunik ezak, ez bakarrik ekonomikoak baita politikoak eta pertsonalak ere, guztioi eragiten digu, egon ere, malgutasunak, lehiak eta nora ezak agintzen duen munduan murgildurik baikaude. Hori guzti hori arazo pertsonala balitz bezala asumitzen da. Salbazio indibiduala bilatzen diegu konpartitzen ditugun arazoei; ikusi besterik ez dago auto-laguntza liburuen arrakasta, zailtasunei aurre egiteko formulen arteko adibide gisa. Z. Baumanek arrazoitu duen gisan lan egin behar da «bizitzaren desafioen aurkako borroka zailtzen duten baldintzen gaineko kontrola lortzeko» eta kontrol hori, «taldean baino ezin da erdietsi». Behar bada, berriro ere, gutxiagoturiko komunitateen irakaspenak balioetsi behar dira, talde herrikoien ahots heterogeneo eta disonanteak, boterearen ingurumariatik kanpo, suposaturiko eta barneraturikotik kanpo harremanak txirikordatzeko ohitura dutenak. Behar bada, identitate hori hautaturik, haren aldamenean joanik, erantzunak aurkituko ditugu, eta babesa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo