GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzea estrategia politikotzat jo du Esaitek

Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak argi dauka UPN, PP eta PSOE alderdiek Euskal Herria Espainiako zati bat dela irudikatu nahi dutelako igaroko direla itzuliko lau etapa gure lurraldetik. Horri erantzuteko, ekitaldiak iragarri ditu Iruñeko eta Eibarko etapen egunetarako.

p012_f02_148x116.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Datorren abuztuaren 18an, Iruñean hasiko den Espainiako Vueltaren harira, prentsaurrekoa eskaini zuen Esaitek atzo Nafarroako hiriburuko Santo Domingo aldapa hasieran. Bertan, Esaiteko ordezkariekin batera, itzuliak igaroko dituen herri batzuetako udal ordezkariak izan ziren babesa emanez.

Espainiako itzulia hasteko hamar egun geratzen direnean, euskal selekzioen aldeko plataformak gogora ekarri nahi izan zuen lasterketa herrialde honetara ekartzeak duen jomuga: «Ez dugu inongo zalantzarik, Itzulia Euskal Herrira ekartzearena, kirol irizpideetatik haratago hartutako erabakia da», defendatu zuen Mikel Uzkurrun Esaiteko lehendakariordeak. Hori dela-eta, eta gure nazioak normalizazio politikorik ez duela kontuan harturik, «inposaketa eta probokazio modura» hartzen dute UPN, PP zein PSOEren jarrera. Alderdi hauei euskal identitatea zapaltzeko eta espainiarra indartzeko asmoa obsesio bihurtzen ari zaiela ere salatu zuten bildutakoek.

Ekimenak lasterketa egunetan

Esaiteko ordezkarien inguruan eseri ziren Iruñean NaBai-ko zinegotzi den Ana Barrena eta Eibarren Bilduren aldetik postu bera duen Iosu Cristobal. Bi herriok garrantzi berezia izango dute aurtengo Espainiako itzulian. Izan ere, Iruñea lasterketaren abiapuntua izango da, eta bi egun geroago, Eibarko Arrate santutegia hirugarren etapako helmuga izango da.

Hori dela eta, egun hauetarako ekimenak prestatu ditu Esaitek. Abuztuaren 18an, 12.30ean, Iruñeko Santo Domingo aldapatik «Nazio Eskubideen Aldeko» kalejira abiatuko da Diputazioaren egoitzaraino. Abuztuaren 20an, aldiz, ordu berean, bizikletaz Eibarko Unzaga plazatik abiatuta Arrateko igoera egingo dute, eta aldarrikapen martxa horretara batzeko deia ere egin zuten Esaiteko kideek.

Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa aipatuz, lasterketa euskal errepideetatik igarotzean zaleek Euskal Herria nazioa dela aldarrika dezaten animatzen dituzte Esaiteko lagunek, betiere «arduraz eta txirrindulariak errespetatuz».

Era berean, «Nazioa gara, Euskal Herria bizirik» lelopean, Espainiako itzuliak zapalduko dituen Euskal Herriko herrialdeak, antzeko ekimenak antolatzera gonbidatu zituzten.

Vueltaren irteera Iruñera ekartzeak Nafarroako hiriburua mundura erakustea du helburu ofizialtzat. Beraz, Iruñea, Nafarroa eta Euskal Herria zer den erakusteko parada ezin hobe hau aprobetxatzea beharrezkoa da.

Indurain saria

Nafarroako lasterketa profesional bakarrak aurrera ateratzeko 30.000 euro lortzeko hainbat arazori aurre egin behar izan dion urte berean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Itzulia Iruñera ekartzea erabaki du, horrek dakarren gastuarekin.

990.000 euro

Horrenbestekoa da Nafarroako Gobernuak abuztuaren 16 eta 19 bitartean egingo duen gastu ofiziala. Ekitaldien artean, La Oreja de Van Gogh talde donostiarraren kontzertua izango da Iruñeko zezen plazan, abuztuaren 18an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo