GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Espetxe politika

«Krudelkeria muturreraino eramanez gauzak okertu baizik ez dira egiten»

Uribetxeberria respondió a las preguntas de GARA en euskara y la traducción al castellano estará disponible en www.naiz.info.

p002_f01.jpg

Iosu Uribetxeberria

Euskal preso politikoa

Leongo espetxean zegoela minbizia antzeman zioten. Duela zazpi urte beste bat izan zuen. Oraingoan ordea, pronostikoa ezin larriagoa izan da, preso politiko arrasatearrak gaitza zabaldua baitu. Euskal Herriratzea lortu da, baina Gobernu espainolak oraindik preso mantentzen du Donostiako Ospitalean. Handik erantzun dio GARAk idatziz helarazitako galdeketari.

GARA | DONOSTIA

Aurrean zer duen ondotxo daki, baina duintasunez darama egoera, Madrilek duintasun bera noiz erakutsiko duen zain.

Ezer baino lehenago, nola zaude fisikoki? ze eboluzio izan du zure eritasunak bi asteotan?

Beti izan naiz indartsua psikologikoki eta horrek laguntzen du fisikoki horrelako gauzak ondo eramaten. Gehiago, Euskal Herriko babesa nire alde dudanean. Harro sentitzen naiz horrelako herria atzean dudanean eta bere oinarriak berdintasuna eta elkartasuna direnean.

Gaitzaren bilakaera oso larria dela jakinaren gainean nago. Kirola normaltasunez egitetik, oinez ibiltzerik ez izateraino. Baina ni gertu nago edozeri aurre egiteko eta prest nire jendearekin eta ingurukoekin gozatzeko, lau egun badira ere.

Eta animoz? Horrelako diagnostikoaren aurrean, zeri eusten zaio?

Une guztietan jasotzen ditudan animoekin, baditut animoak oparitzeko ere. Nire oroitzapenetara heltzen naiz, bizitza oso betea izan dudalako. Zorte handia izan dut Euskal Herrian jaiotzea. Diagnostiko honen aurrean nire senide eta lagunen babesa bilatzen dut, baita egunerokotasunaz gozatzea ere. Gauza txikiak baina urrea balio dutenak: oinez ibili, ariketak egin, idatzi ... Jatea ere gozamen ederra da.

Leongo sendagileek onartu zuten gaitzak bilakaera azkarra izan dezakeela. Zure anaia Jabik esan zuen ez duzula erietxetik espetxera eta espetxetik erietxera ibili nahi. Zein izango da zure jarrera Gobernuak kaleratzen ez bazaitu?

Ni urratsez urrats noa. Sendagileen eskuetan jarri naiz konfiantza osoarekin. Jabik oso ondo azaldu zuen; tratu justu eta duina bakarrik eskatzen dut, legeak jasotzen duena, nahiz eta euren interesen arabera aplikatu. Ni ez naiz joko horretan sartuko.

Medikuak agindutako azterketak egingo ditut. Hori bai, arrisku handiko (hiltzea edo paraplejiko gelditzea) probak egin nahi badizkidate, ez dut uste asko eskatzea denik lehenengo zaintzapeko askatasunean jartzea. Sendagileek finkatutako egunetan joango nintzateke ospitalera. Askatasuna ukatzen badidate, erabaki gogorra izango da niretzat, baina ez dago atzera egiterik. Gelditzen zaidan bide bakarra gose-greban jartzea izango litzateke eta nire egoeran egonda, ez dut uste asko luzatuko litzatekeenik. Gorrotoa horrenbesteraino heltzen bada, duintasunez hiltzea izango da nire asmoa.

Euskal Herrira itzultzea urrats txikia izan al da?

Urrats txikia eta poza izugarria.

Nola igarotzen dira egunak gelan? Zer egiten duzu? Zertan pentsatzen duzu?

Egunak ondo betetzen ditut beti bete izan dudan gauzekin, nahiz eta lekua txikiagoa izan. Beti daude murrizketak, baina ez ditut alde batera uzten nire osasunerako onak diren gauzak.

Eta bizitzako oroitzapenak ditut beti nirekin. Hori ezin didate kendu!

Atzera begiratuz, espetxean jasandako tratuari egozten al diozu gaitza? Zein izan dira bizi-baldintzak espetxean?

Errua zeinena den bilatzen hasteak ez du merezi. Egia da kartzelako baldintzak ez direla egokienak gaitzak sendatzeko, are gutxiago gurekin duten jarrerekin. Beti nola izorratu, dispertsioa, 176/2006 doktrina, gaixo larriak preso mantentzea... Aurretik esan dudan bezala baldintzak gogorrak dira, baina ni burugogorra naiz eta jai dute nirekin. Orain ikusi beharra dago eta neurrian egotea espero dut.

Nola bizi izan dituzu zazpi urte hauek? Berriz gaixotuko zinen beldur izan al zara?

Beti egin ditudan gauzak egiten. Gustukoak gehiago, noski. Nire buruan egon da gaitza berriz agertzea, baina diziplina dut eta kirolaria naiz; beraz, nire lehentasuna denbora ahalik eta hobetoen igarotzea zen, osasuna zainduz arlo guztietan, noski.

Zer izan zen zuretzat 2009an Langraiztik Leonera eramana izatea?

Gustuko gauza bat ez, noski. Nire senide eta lagunentzat, kaltea eta niretzat, beste lagun batzuk ezagutzea.

Nola iristen zaizu kaleko elkartasuna? Zer sentsazio eragiten dizu?

Egun guztietan ditut egunkariak, telebistan ere agertzen naiz, bisitatzera datozenak ere kontatzen didate eta denon goraintziak eta ondo izateak jasotzen ditut. Betea sentitzen naiz alde horretatik, maitatua. Mila esker, lagunak!

Komunikabide batzuek gehiago nabarmendu dute zu kondenatua izatera eraman zintuzten zioak, egun duzun egoeraren larritasuna baino. Zure ustez, horrek Gobernu espainolari legea aplikatzeko eta zu aske uzteko zailtasuna eransten al dio?

Gauzak ez dira nahastu behar. Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain gaixo larria naiz eta euren legeen arabera eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi.

Zure kasuaren dramatismoa gaixo dauden beste hamahiru presoen egoerari begira inflexio-puntua izatea espero duzu edo Gobernua espainolak berdin jarraituko duela uste duzu?

Itxaropena ez da galtzen, denborak esango du. Gauza da egunero-egunero Gobernu espainola bere gorrotoa erakusten dabilela eta krudelkeria muturreraino eramateko prest dagoela. Horrekin gauzak ez dira konponduko, okertu baizik. Hori nahi dute, sufrimendu gehiago? Hori ez da, ez, bide zuzena.

Espero dut nire kasua azkena izatea eta ni bezala gaixorik dauden gainontzeko euskal preso politikoek askatasuna lortzea bizitzeko aukera izateko.

1997an espetxean sartu zinenetik zapuztutako bi prozesu eta oraingo agertoki erabat berria ezagutu dituzu. Zein dira gaur egun zure itxaropenak? Helburuak lortuko direla uste duzu?

Ezker abertzalean sinisten dut. Bera baitabil alde bakarreko urratsak egiten bide onean, beste aldekoei itxaron gabe. Aurreko saiakeretan ez bezala, gurako genuke bide honetan etortzen baldin badira, baina... Hor beste aldekoek garbi erakutsi ziguten euren interesen arabera mugituko direla bakarrik.

Gurako nuke aipatu hasiera batean zalantza batzuk nituela EAko zuzendaritzarekin, jaso behar zuten presioari aurre egiteko gai izango ziren onetik. EAJ-PNVren zuzendaritzaz ez dut ezer sinisten, baina bai bere oinarrizko jendeaz. Beti bizi izan garelako elkarrekin, baita gaur egun eguneroko gauzez, baita gure desberdintasunekin ere. Baina gozatzen dugu gure hizkuntzarekin, gure kirolariekin eta gure artean kirola egiten ere bai. Baita lanean ere, oporretan, poteoan eta hainbeste gauzatan.

Jarraitu dezagun herri bat izaten, herri euskalduna euskaldunak garelako, bakoitza bere ideiekin, baina errespetuz eta tolerantziaz. Inor baztertu gabe, baina gure eskubideak pertsona eta herri bezala sendo defendatuz hitz eginez edozein tokitan.

Bakoitzak bere ale hondarra jarriz, baina denok batera. Helburuak hor daude, gure eskuetan dago lortzea egunero lana eginez bide horretan. Jaun-andreok, neska-mutilak, hau da bidea, segi jorratzen eta eutsi. AURRERA BOLIE!!!

Zu aske uztearen aurka dagoen ETAren biktima bat aurrean izango bazenu, zerbait esan nahiko al zenioke?

Zer esan dezaket... elkar ez ulertzeak ez duela laguntzen. Hori ez dela bidea. Baina bai, hitz egiteak laguntzen duela esango nieke ETAren biktimei; bidea ez ixteko, badaudela minimo batzuk ados egoteko modukoak direnak eta hortik hasi behar dugula, gero eta bide sendoagoa egiteko.

Bakoitzak bere ideiekin baina errespetuz eta tolerantziaz, elkar bizitza bat lortu arte gutxienez.

ERABAKI GOGORRA

«Askatasuna ukatzen badidate, gelditzen zaidan bide bakarra gose-greban jartzea litzateke. Gorrotoa horrenbesteraino heltzen bada, duintasunez hiltzea izango da nire asmoa»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo