GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Tamalez arrotza zaigun erabaki demokratikoa

Britainia Handiko Parlamentuan Eskoziako auziez aritzen den batzordeak, non Ganberako hiru talde handiek parte hartzen duten, txosten bat egin berri du David Cameronen Gobernuari eskatuz eskoziar Parlamentuari eman diezazkiola erreferendumak deitzeko eskumenak. Modu horretan, herrialde hartako Exekutiboak iragarri bezala, beren etorkizuna erabakitzeko aukera izango dute eskoziarrek, aukeren artean independentzia legokeelarik. Alex Salmondek zuzentzen duen eta Edinburgon erabateko gehiengoa duen SNP alderdiak, bi urte barru egin nahi du galdeketa, eta Cameronek berak auzian eskua sartzeko ahaleginak egin dituen arren -erreferenduma urte eta erdi baino lehenago egin beharko litzatekeela eta bi galdera izan beharko lituzkeela esanez-, atzo ezagutzera emandako txostenak bide ematen du eskoziar gizarteak bere estatusa erabaki dezan.

Ezaguna da Britainia Handiak historikoki izan duen, eta egun ere baduen, izaera inperialista, baina agerikoa da, halaber, azken hamarkadetan hainbat gaitan ezagutu duen bilakaera demokratikoa. Eskoziako auzian, besteren artean. Eta Parlamentuaren erabaki hau horren adibide garbia da, demokratikoki txukuna. Alde horretatik, oso urrun dago Estatu espainolak antzeko gatazken aurrean mantentzen duen basakeriatik. Euskaldunok asko dakigu horretaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo