Gazako Askatasunaren Hirugarren Flotak Euskal Herriaren bultzada jasoko du
Gazara bidean da Israelgo Gobernuaren blokeoa salatzea eta apurtzea helburua duen Askatasunaren III. Flota. Dror Feiler ekimenaren bozeramaileak Euskal Herrian egingo dituen geldialdien berri eman zuen.Garazi MUGERTZA | DONOSTIA
Abian da jada Gaza helmuga duen Askatasunaren III. Flota. Finlandiako bandera soinean eta suediar gizartearen laguntza ekonomikoak ahalbidetuta, ibilbideari ekin zion duela hilabete. Orain Oslon dago eta abuztu amaieran Euskal Herrian izango dugu.
Belaontzia iritsi aurretik ordea, Dror Feiler flotaren bozeramailea gerturatu da Euskal Herrira eta bart Donostian izan zen Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Donostiako alkate Juan Carlos Izagirrek egin zioten harreran. Ondoren, prentsaurrekoa eskaini zuen palestinarren aldeko hainbat ekintzailerekin.
Maite Berzosa ekintzaileak hartu zuen hitza Feilerren aurretik, Euskal Herrian aurrera eramango dituzten ekimenen berri emateko.
«Elkartasuna da herrietako samurtasuna. Horretan sinesten dugulako, laster Donostiara etorriko den eta Gazarantz doan `Estelle' belaontziari ongi etorria eman nahi diogu euskaldun eta donostiar bezala. Era berean, flotak daraman mezuarekin bat gatozela adierazi nahi dugu». Berzosak itsasontzia abuztuaren 26an Donostiara iritsiko dela adierazi zuen eta ondoren Bermeora joango dela. Gipuzkoako hiriburuan belaontzia barrutik ikusteko aukera, III. Flotaren nondik norakoen berri izateko aukera eta parte hartzeko bestelako hainbat ekimen antolatuko dituztela agertu zuen.
Dror Feilerrek Euskal Herrian egoteaz pozik zegoela adierazi zuen; «mundu osoan bere askatasunaren eta eskubide zibilen aldeko borrokagatik ezaguna baita eta kultura horri esker ongietorri beroa egin didate», nabarmendu zuen.
Feiler Gazarantz abiatutako hiru flotetan izan da. Lehenari Israelgo Armadak eraso egin zion eta bederatzi ekintzaile hil ziren. Bigarrena Grezian blokeatu zuten; Feilerrek, aldiz, Gazara iristea lortu zuen Frantziako flotan zihoan. Hirugarren honekin kanpaina luzeagoa egitea erabaki dute, Gazara iritsi ala ez, Europako herritarrak kontzientziatu eta aktibatzeko asmoz. «Bi hilabete baino gehiago iraungo du eta portuz portu ekimenak» antolatuko dituztela adierazi zuen.
«Blokeoa apurtzea ez da soilik Gazara iristea, Israelgo Gobernuari presio egingo dion kultura herritarra lortzea baizik».
Feilerrek nazioarteko hainbat estatu eta erakundek beste alde batera begiratzen dutela salatu zuen eta, adierazi zuenez, «gobernuek eta politikariek asko hitz egiten dute, baina ez dute ezer egiten egoera aldatzeko».
Bozeramaileak flotako kideak ez daudela «Israelen aurka, Israelgo Gobernuak daraman politikaren aurka» baizik argitu zuen.
Astelehenean Bermeon izan zen beste prentsaurreko bat ematen, bertako alkate eta hainbat zinegotzirekin batera, baita idazle eta ekintzaileekin. «Estelle» abuztuaren 27-28an iritsiko da Bermeora eta bertan ere jendeak parte har dezan hainbat ekimen gauzatuko dituzte.
Euskal Herrian bi geldialdi egin ostean, Alacantera abiatuko da. Urrian Gazara iritsi aurretik, Estatu frantseseko hegoaldean eta Italian hiru geldialdi egingo ditu eta horietan ere ekimenak egingo dituzte.