GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Zubiaga eta Jauregi erraz sailkatu dira Arabako Irekiko finalerako

J.L.

Zubiagak eta Jauregik lortu zuten atzo Gasteizen, Arabako Irekiko finala jokatzeko txartela, Kintana eta Otaegi mendean hartu ostean. Berriz ere primerako eguraldia izan zuten, eta zaleek beste behin ikaragarrizko erantzuna eman zuten, harmailak ia beteta egon baitziren saio osoan zehar.

Sei lan ezberdin egin behar izan zituen bikote bakoitzak, eta Zubiagak eta Jauregik irabazi zituzten probako saio guztiak. Gakoa Kintanan egon zen, lauretan ahulena zela erakutsi baitzuen, eta Otaegi gogotik saiatu bazen ere, Arabako Txapelketako lehen sailkatuak eta bigarrenak osatu zuten bikoteak oso maila ona eman zuen.

Lehen probatik azkenekora, tarte handia atera gabe baina beti aurretik izan ziren Zubiaga eta Jauregi, eta amaieran lan guztiak burutzeko 21 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten. Otaegik eta Kintanak, berrriz, beraienak 23 minutu eta 43 segundoan amaitu ahal izan zituzten.

Finala gaur jokatuko da, 12.30etik aurrera Foru plazan. Zubiagak eta Jauregik Larretxearen eta Llanosen aurka neurtuko dituzte indarrak. Atzokoan Kintanak bezalaxe, Llanosek maila apur bat jaitsiko du, eta egungo Arabako bi aizkolaririk onenak dira txapela lortzeko faboritoak. Hala ere, lehen probetan Donato Larretxeak aldea ezarri beharko luke.

Besteak

Atzo jokatu zen baita ere Arabako ingude-altxatzeko Txapelketa, bai emakumezkoen mailan eta bai gizonezkoetan. Nesketan, Ferran izan zen onena, 81 jasoaldirekin; eta mutiletan, berriz, Lauzirika, 77rekin. Neskek 11 kiloko ingudea erabili zuten minutu eta erdian, eta mutilek, berriz, 18 kiloko ingudea.

Aizkolarien Arabako finalaz gain, gaur eguerdian herrialdeko lasto-altxatzeko Txapelketa ere jokatuko da, eta honekin amaituko dira lehiaketak, bihar erakustaldiak bakarrik izango baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo