Udate
«Infancia clandestina»-k irekiko du Horizontes Latinos saila
Nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan parte hartutako hamabi film ikusten ahalko dira Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean. Benjamin Avila argentinarraren «Infancia Clandestina» aukeratu dute atala inauguratzeko, haur batek bizitzen eta bizirauten nola ikasiko duen kontatzen duen istorioa. Guztiak lehiatuko dira Horizontes saria lortzeko.
GARA | DONOSTIA
Mexiko, Brasil, Uruguai, Txile, Argentina eta Kolonbian egindako hamabi zinemagileren lanak lehiatuko dira Zinemaldian Horizontes saria eskuratzeko (35.000 euro). Lehendabiziko lana Benjamin Avila argentinarrarena da eta iaz ere parte hartu zuen Donostiako jaialdian, orduan Zinema Eraikitzen atalean. Casa de America saria irabazi zuen bertan eta, ondotik, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten. Pasaporte faltsuak, garajean eraikitako gotorlekuak, ustekabeko lekualdatzeak, asmatutako urtebetetzeak eta amonari egindako ezkutuko bisitak ikusiko ditu publikoak film hunkigarri honetan.
«Aquí y allá»k, Antonio Mendez Esparzak egindako lehendabiziko film luzeak, Kritikaren Asteko lehen saria irabazi zuen Cannesen. Pedro du protagonista, gizon ezkondua, bi alaba dituena. Kanpoan denbora luzea eman ondotik, etxera, Mexikora itzuli eta bere musika taldearekin bizimodua ateratzen ahaleginduko da. Ez bera ez ingurukoak ez dira lehengoak, ordea.
«El Bella Vista» Alicia Canoren filmean, kamerak ez dio pertsona bati erreparatzen, etxe bati baizik. Hasieran, futbol talde baten egoitza izan zen, geroago trabestien burdela eta, azkenik, lekuko biztanle kontserbadoreenen presioaren eraginez, kapera katoliko bilakatuko da.
Memoria galdu duen laurogei urteko aita zaindu behar duen alabak bizi duen gatazka lantzen du Rodrigo Pla uruguaitarraren «La demora»k eta gelakideen erasoak isilean jasaten dituen nerabe baten sufrimendua, Michel Francoren «Después de Lucía»k. Marcelo Gomes brasildarraren «Era uma vez Verônica»k ere neska gazte bat eta bere aita ditu pertsonaia nagusi. Aitak azken mesede bat eskatuko dio 26 urteko alabari: bere bizitzako maitasuna aurki dezala. «Joven y alocada» Marialy Rivas txiletar zuzendariaren lehen lanak gidoi onenaren saria irabazi zuen Sundanceko jaialdiko World Cinema atalean. Familia ebanjelista zorrotz batean hazitako gazte errebelde baten erretratua da.
Carlos Reygadas
Nazioartean sona gehien lortzen ari den zuzendarietako baten pelikula ikusten ahalko da Horizontesen, Carlos Reygadasen «Post tenebras lux», baita Juan Andres Arangoren «La playa» opera prima ere.
«Salsipuedes»en, Mariano Luquek kanpinean oporrez gozatu ezinik dabiltzan senar-emazte batzuen egun bat nolakoa den kontatuko du; William Vegak «La sirga» aurkeztuko du, Okzitaniako Tolosako jaialdian Zinema Eraikitzen saria irabazitako lana; eta Armando Bok Elvis Presleyren berraragiztatzea dela uste duen abeslari baten gorabeherak ekarriko ditu «El último Elvis»en.