GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Lehen mailako bakarlarien musikaz gozatzeko aukera, Arabako Errioxako Organo Jaialdian

GARA | DONOSTIA

Organo Jaialdiaren XXVII. edizioa hasiko da ostiralean Arabako Errioxan, eta lehen mailako bakarlariak aditzen ahalko dira balio historiko eta artistiko handiko organoak dituzten elizetan. Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak, Iciar Lamarainek, adierazi zuenez, arabarrek organo horiek dituzten ezaugarriez gozatzea dute xede. Aldundiak zaharberritutako instrumentu hauekin, XVI. mendetik XX.era idatzitako partiturak interpretatuko dituzte.

Sei kontzertu izango dira, guztiak doan, eta lehendabizikoa Villabuenan (Eskuernaga) izango da, ostiralean. Ondoren, Guardia, Eltziego, Oion eta Lantziegora joango da jaialdia, eta abuztuaren 15ean, Andre Maria egunez, bukatuko da Moredan.

Kontzertu bat gehiago

Lamarainek nabarmendu zuenez, aurrekontua doitu arren, beste kontzertu bat antolatzea lortu dute eta, gainera, guztiek izango dituzte lehen mailako bakarlariak. Roberto Fresco Madrilgo Santa Maria de la Almudena katedraleko organistak hasiko du kontzertu zikloa, eta Pilar Cabrerak jarraituko dio. Hau 1982az geroztik ari da kontzertuak ematen. Felipe Lopez Madrilgo Nuestra Señora del Perpetuo Socorro santutegiko Merklin organo handiaren organista titularra da, baita San Ginesko Antigua y Real Iglesia elizako organoarena ere 2004tik. Eltziegon joko du, eta Jose Vicente Ginerrek Oionen. Ginerrek kontzertuak ematen ditu Europa osoan zehar organista eta klabezinista gisa.

Lantziegon Oscar Candendo arituko da, Donostiako Artzain Onaren katedraleko organista titularra, eta Valladolideko Unibertsitateko irakasle Juan Ignacio Palaciosek emango dio bukaera jaialdiari Moredan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo