futbola | CFA
Mailari eustea izango da Avironen lehen helburua
Zuri-urdinek ia talde berria osatu dute, pasa den urteko jokalari gehienek taldea utzi baitute.
Jon LEUNDA
Uda erdian egon arren, hastera doa futbol denboraldia, eta etenik ez du izango datorren maiatzaren amaierara arte kasu batzuetan, eta ekainaren amaierara arte beste batzuetan.
Aviron Baionako taldearentzat larunbatean hasiko da aurtengo sasoia. Zuri-urdinek maila berria izango dute, iaz ez baitzuten lortu N1 Mailan jarraitzea, eta aurten CFA Mailara jaitsi dira, eta hor saiatu beharko dute ahalik eta lanik onena egiten. Izan ere, hasierako helburua mailari eustea izango da, eta gauzak ongi baldin badoaz jarriko omen dituzte erronka handiagoak, presarik gabe.
Erabaki hori ez da harritzekoa, jokalari gehienek utzi egin baitute Baionako taldea, eta ia denak berriak izango dira orain Jean Dauguer estadioko aldagelan. Beraz, lehen lana taldea batzea izango da, gehienek ez baitute elkarrekin inoiz jokatu. Horretarako izan dute denboraldia hasi aurreko hilabete eta erdia, eta hor baionarrek lan handia egin behar izan dute.
Lehen aldaketa aulkian izan da, Alain Pochatek utzi baitu ekipoa. Azken denboraldietan bera izan da entrenatzailea, baina aurtengoan ez diote kontraturik berritu. Haren ordez, etxea ongi ezagutzen duen bat ekarri dute, Manu Bafcop eseriko baita aulkian, lehen talde zuri-urdinean jokalaria izandakoa.
Pochatekin batera, Soubervie, Audinet, Sanz, Oukidja, Massampu, Hilarie, Toure, Tunani, Lamothe, Matutu, Guillou, Famery, Untreiner, Diafutua, Giron, Sarrabere, Choirt, Pinau eta Elisalde izan dira Baiona utzi duten jokalari guztiak.
Etxekoak
Etorri ere joan diren bezainbeste egin dira, eta honako hauek dira aurten Jean Dauguer estadioan jokatzen ikusi ahal izango diren jokalari berriak: Camiade eta Diegou (Genets), Barbe eta Carneiro (Stade Montois), Martin (Nimes), Rimbaud (Real Union B), Bourthis (Villefranche), Nivert (Merignac), Gradit (Girondins), Poveda (La Chepelle Saint Luc), Martin Cantero (Guingamp), Castrien (Rouen) eta Pedarrieu (Luy de Bearn). Oraingoz hauek dira berri bakarrak, baina seguruenik oraindik gehiago ere helduko dira Lapurdiko hiriburura, fitxaketa berriak egiteko epea oraindik zabalik baitago.
Iaztik jarraitzen dutenen artean daude Degoul, Ximun, Lalane edo Bidegain, guztiak ere etxekoak, eta beraien lana ezinbestekoa izango da aldagelan. Horrenbeste jokalari berri, eta ia denak Euskal Herritik kanpokoak direla kontuan hartuta, etxeko jokalariek sekulako garrantzia hartuko dute taldeko giroa sortu eta jokalari guztiak eroso egon ahal izateko. Beraiek dira, gainera, taldeko lau kapitainak, eta beraien ardura hartzea ezinbestekoa izango da.
Aurrez aipatu bezala, Ligako lehen helburua mailari eustea izango omen da, eta horrekin abiatuko dira. Nahiz eta jaitsi berriak izan, beste leku askotan bezalaxe, Baionan ere ez daukate diru asko, gainera errugbiaren konpetentzia daukate, eta hark eramaten du dirurik gehien. Beraz hankak lurrean dituztela dabiltza zuzendariak, eta garbi omen daukate taldea ezin dutela zorretan sartu, horren ondorioak larriagoak izango liratekeelako; izan ere, Frantziako Federazioa oso zorrotza izaten da kontu horiekin, eta taldeak berehala jaisten ditu mailaz, eta gezurretan harrapatuz gero, berriz, amateurren mailara jaisten ditu, aurrez duten maila kontuan hartu gabe.
Beste helburuetako bat Kopa izango da. Jadanik badira denboraldi batzuk Lehen Mailako talde baten aurka jokatzen ez dutela, eta horixe izango da asmoa. Azkeneko urte hauetan Lehen Mailako baten aurka jokatzeko kanporaketa baten faltan geratu dira, eta aurtengoan hori ere gainditzea nahi dute.
Beste nahietako bat zaleak berriro ere Jean Dauguerrera eramatea izango da, azkeneko urte hauetan asko gutxitu baitira. Hor jokalariek ere zeresan handia izango dute, ongi baldin badabiltza joango direlako, aparteko eskaerarik egin beharrik gabe. Beraz, dena prest dago Baionan, orain baloia abian jartzea bakarrik falta da ikuskizuna hasteko, eta jokalariek beren lana egitea.
Larunbatean hasiko da denboraldia, eta Avironek bere lehen partida etxean jokatuko du, 19.00etatik aurrera, Mont-de-Marsaneko Stade Montoisen aurka. Beste euskal talderik ez dela kontuan hartuta, baionarrentzat partida hau derbi bat bezalakoa izango omen da.
Pasa den urtean maila galdu arren, Avironek jarraitzen du Ipar Euskal Herriko lehen futbol taldea izaten, eta CFA Mailan ere beraiek bakarrik egongo dira. Larunbatean ekingo diote denboraldiari, eta etxean, Jean Dauguer estadioan jokatuz hasiko dute aurtengo sasoia.
Zuri-urdinek Mont-de-Marsaneko Stade Montois hartuko dute 19.00etan. Mailako euskal talde bakarra izanik, Stade Montois, Paue eta Tarbe dira aurkari zuzenak, eta haien aurkakoak izango dira derbiak. Beraz, hasteko ez dute aurkari txarra, nahiz eta abuztuaren hasieran egonda, betiere zale asko joatea zailagoa izaten den.
CFA Maila berezia da, izan ere, bigarren edo B taldeek maila honetatik gora ezin dute joan, eta Avironek aurten horietako batzuk izango ditu aurrez aurre. Normalean jende gaztea egoten da, baina lehen taldeko deialdian sartzen ez den edonork joka dezake, eta behin baino gehiagotan Lehen Mailan jokatzen ari den jokalariren bat edo beste pasatuko da Baionatik.
B talde horien artean aurki ditzakegu Lyongo Olympique eta Saint Ettienne, biak Lehen Mailan dauden taldeak, eta haien bigarren taldeak Avironen multzo berean daude. Baita Monacoren bigarren taldea ere, haiek ere lapurtarren aurka arituko dira, nahiz eta lehen taldea jadanik ez dagoen maila nagusian.
Horiez gain, aspaldi ez dela onenen artean zeuden beste talde batzuk ere ikusiko dira Baionatik pasatzen, Rodez, Cannes edo Martigues, esaterako. Beraz, mailak ez dauka inongo aitzakiarik, jende ona ikusteko aukera izango baita. Horien artean Afrikatik etorritako jokalari gazte ugari dabil maila honetako talde ezberdinetan, eta haiek ere ikuskizuna emango dute. Bidaien aldetik, iazkoarekin alderatuta, ez da gehiegi aldatuko, oso bertsuak direlako, eta aurten ere bidaia luzeak egin beharko ditu. J.L.