GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxarri Aranatzen, udal langile baten etxeari su eman izana salatu dute

Aurreko ostiral gauean, abuztuaren 3an, jaien bezperan, norbaitek su eman zion etxeari, zantzu guztien arabera, nahita. Azken erasoen ostean, era berean lanean jarraituko dutela argitu zuten udal ordezkariek.

p010_f01_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Etxarri Aranazko Udalak atzo goizean prentsaurrekoa eman zuen jaien balorazio orokorra egiteko, eta bereziki, ostiral gauean gertatutako erasoa salatzeko. Horrekin batera, babesa eman zieten azken hilabeteetan mehatxuak jaso dituzten bertako lankide guztiei.

Aurreko ostiralean, jaien bezperan, Udaleko langile baten etxeari su eman zioten, etxekoak bertan zeudela, eta haietako batek antzeman ondoren, suhiltzaileei deitu, eta sutea itzaltzea lortu zuten. Zorionez, galera materialak besterik ez ziren gertatu, hainbat leiho eta pareta hondatzea, besteak beste.

Gogora ekarri beharra dago ez dela kasu solte bat izan. Apirilean, herriko industrialdean, pintada batzuk agertu ziren Udaleko langileen kontra. Eta batez ere, San Adrian eguneko erromeriako aurrekariek dute garrantzia. Ekainaren 16ko goizean, Udaleko kargu eta langileen aurkako pintadak agertu ziren, heriotza mehatxuak. Hori gutxi ez-eta, egun horretan bertan, mehatxatutako baten borda kixkalita agertu zen.

Gertaera horiek guztiak direla eta, Udaleko ordezkariak, langile horiei eginiko «eraso, mehatxu eta irain guztiak» salatu nahi izan zituen atzo. Era berean, «guztiei babesa eta elkartasuna» helarazi zien prentsaurrekoaren bitartez. Azaldu zuenez, horien lana Udalaren ardurapean egiten da, eta horrenbestez, horien ekintza ororen ardura hartzen du Udalak.

Aldi berean, gogora ekarri zuten, mehatxatutako guztiak ordezkari legalak direla, eta beraz «horiei erasotzea, Etxarri herriari erasotzea» dela. Gertaera guztien aurrean lanean tinko jarraituko dutela argi utzi nahi izan zuten: «Erasoen gainetik, Udalak lanean jarraituko du lan kolektibo eta parte-hartzaile baten bitartez».

Elkarretaratzea

Erasoa jasan zutenek auzitegian salatu dute sutea, eta Etxarriko Udala aztertzen ari da akusazio partikular moduan aurkezteko aukera. Modu berean, gertaera horiek ez direla hor amaituko gaineratu zuten: «Ohiko bileretan, kasuaren zein gertatutako guztiaren jarraipen sakon bat eginen dugu».

Atzo gauean, 21.30ean, herriko plazan elkarretaratze isila egin zuten, «Etxarriko herriari erasorik ez» lelopean.

Bestalde, herriko jaien balorazioa ere egin zuten prentsaurrekoan. Oro har, positibotzat jo dituzte: «Giro ezin hobean, parte-hartze handiarekin igaro dira egunak». Horregatik ez zuten egin atzo arte sutearen salaketa publikoa: «Ez genuen jaietako giroa kutsatu nahi». Lanean jarraitzeko gogoz, beraz, jaiei amaiera ematen hasteko ordua iritsi zaie etxarriarrei.

ELKARBIZITZA

Udal langileek prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, Etxarriko bizilagunek elkarbizitza oparoa izan dezaten, mehatxu eta erasoak alde batera uztea ezinbestekoa da.

INUTILLAREN EGUNA

Gaur dute etxarriarrek azken jai eguna, eta ohikoa den modua Inutillaren Eguna ospatuko dute. Kaleak militarrez edo poliziaz jantzitako herritarrez betetzen dira festei agur esateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo